Jorge Olaiz preso ohia kartzelatu egin dute Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean. Joan den urtean gelditu zen aske Olaiz preso iruindarra. Hamahiru urteko espetxe zigorra beteta irten zen kartzelatik. Ismael Moreno epaileak hartu du erabakia. Autoaren arabera, larriak dira Olaizen kontra agertu diren froga berriak, eta kartzelan egondakoa izateagatik eta "ETA erakunde terroristarekin duen harremanagatik" arrisku handia dago ihes egin eta frogak deuseztatzeko.
Espetxeratzeari buruz, ondokoa adierazi du Amaia Izko abokatu eta Sorturen eledunak: "Hemen ez dago irakurketa juridiko posiblerik; martxan dauden aldaketa prozesuak geldiarazi nahi dituzte errepresioaren eta kriminalizazioaren mamuarekin". Jorge Olaizen atxilotzea eta espetxeratzea "jazarpen dinamika batean" kokatu du Izkok. PPk espetxeak "beterik" mantendu nahi dituela esan du, "eta Auzitegi Nazionala zein salbuespenezko araudien sistema errepresibo osoari eutsi" nahi diotela. UPNk, aldiz, txalotu egin du erabakia: "Hamahiru urte igaro eta gero, justizia egiten hasteko garaia iritsi da".
Olaizen kontrako sumarioa
Guardia zibilekin edukitako tiroketa baten harira atxilotu zuten, 2001ean. Orduan inputatu zuten orain berriro ireki duten auzian: Miguel Angel Ruiz Langarika Iruñeko Udaleko zinegotzi ohia hiltzen saiatzeagatik. Akusazio bera leporatuta atxilotu, epaitu eta zigortu zuten Iñaki Beaumont iruindarra. Baina Olaizen kontrako akusazioak ez zuen aurrera egin, froga faltagatik.
Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin eginiko ikerketa berrietan oinarrituta, berriro ireki dute artxibatutako sumario hura. Orain, ordea, lekuko bat agertu da, anonimoa. Pertsona horren deklarazioaren arabera, Olaiz Beaumontekin zegoen hura atxilotu zutenean.