Euskal presoak

Jorge Olaizek gaur deklaratuko du Auzitegi Nazionalean

Duela hamabost urte artxibatutako auzi bat berriro ireki dute, lekuko anonimo bat agertu dela argudiatuta. Olaizek inputatu gisa joan behar du deklaratzera, eta kartzelatzeko arriskua egon daitekeela salatu du Sortuk.

Olaiz, aske geratu zenean. ETXERAT
2015eko otsailaren 11
10:20
Entzun

Sortuk salatu du Jorge Olaiz preso ohiaren kontra ireki berri den auziak auzibideen logika guztiak "bortxatu" eta prozesu penalaren mugak "zanpatu" dituela, "helburu politiko ankerrak eta ilunak dituelako". Preso ohiaren kontra duela hamabost urte itxitako sumario bat berriro ireki dute; orain, inputatu gisa joan beharko du deklaratzera. Sortuk kezka agertu du deklaratzera joatean ez ote duten berriro ere kartzelatuko. Joan den urtean gelditu zen aske Olaiz preso iruindarra.

Hamahiru urteko espetxe zigorra beteta irten zen kartzelatik. Guardia zibilekin edukitako tiroketa baten harira atxilotu zuten, 2001ean. Orduan inputatu zuten orain berriro ireki duten auzian: Miguel Angel Ruiz Langarika Iruñeko Udaleko zinegotzi ohia hiltzen saiatzeagatik. Akusazio bera leporatuta atxilotu, epaitu eta zigortu zuten Iñaki Beaumont iruindarra. Baina Olaizen kontrako akusazioak ez zuen aurrera egin, froga faltagatik.

Orain, ordea, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin eginiko ikerketa berrietan oinarrituta, berriro ireki dute artxibatutako sumario hura. Sorturen arabera, lekuko bat agertu da, anonimoa. Pertsona horren deklarazioaren arabera, Olaiz Beaumontekin zegoen hura atxilotu zutenean. "Logika guztien arabera, guztiz sinesgaitza da", salatu du Sortuk. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.