Jorge Tejedor: "Estatuek eskumenak eman behar dituzte, bai gora eta bai behera"

Jon Fernandez.
2014ko maiatzaren 16a
18:33
Entzun

Jorge Tejedor (Portugalete, 1977) EHUko finantza ekonomikoko irakaslearen ustez, "Bruselan solidaritateaz ahaztu dira", iparraldea eta hegoaldea bereizi dituztelako. "Beste ekonomia eredu baterantz" joan beharra duelakoan dago.

EBren zein neurri ekonomiko azpimarratuko zenuke?

Ekonomikoki gauza asko erabaki dituzte, baina parlamentuan, gutxi. Kontseiluak jarri ditu martxan krisiari aurre egiteko mekanismoak. Hasieran asko hitz egiten zen eurobonuei buruz, baina, azkenean, ez dira lortu. Zorra estatu guztien artean ordaintzea ekarriko luke horrek, baina iparraldeko estatuek ez dute onartu. ESM Europako Erreskate Mekanismoa sortu zuten, baina ez zuen konpondu arrisku sarien arazoa. Banku batasunarena ere erabaki inportantea izan da.

Zelan eragiten diete erabaki horiek Euskal Herriari?

Garrantzi handia du, Kutxabanki eragiten diolako. Krisia lehertu zen banku oso handiak zirelako, baina EBk bankuak txikitu beharrean banku handi berriak sortu ditu: kutxak banku bihurtuz. Aurrezki kutxa guztiak egoera txarrean egon ez arren, denak zaku berean sartu dituzte. Baina Alemaniako kutxek arazo handiak izan arren, hor ez dute eskurik sartu.

Zergatik?

Erabakiak kontseiluak hartu dituelako, eta ez parlamentuak. Azken batean, Merkelek agintzen duen erakundeen bidez iparra eta hegoa bereizi dituzte.

Zer garrantzi dute bozek parlamentuak ez badu botere handirik?

Parlamentua kontuan hartzen dute nekazaritza edo energia politiketan adibidez. Baina orain botere handiagoa izango du, Europako Batzorderako presidentea ere erabakiko dugulako. Hurrengo presidenteak politika ekonomikoak erabakitzeko indar demokratiko handiagoa izango du.

Baina gai ekonomiko nagusiak Europarlamentutik kanpo erabakiko dituzte.

Jakina. Ezin dugu ahaztu estatuen Europan gaudela, eta hori arazo bat da. Neurri askoren aplikazioa estatu bakoitzak erabakitzen du, eta batetik bestera alda daiteke aplikazio modua.

Zer aldatu behar da EBko gobernantzan batasun ekonomiko erreal bat bermatzeko?

Batasun ekonomikoa ez da erabatekoa. Eurobonurik ez dago, fiskalki ezberdintasun handiak daude. Gainera, erabaki asko goitik hartu dira, euroaren sorrera kasurako. Behetik hartu behar dira erabaki gehiago. Estatuek eskumenak eman behar dituzte, bai gora eta bai behera.

Zer esan nahi duzu?

Estatuek botere handiagoa eman behar diete Europari politika globalenen inguruan erabakitzeko, tartean politika ekonomiko globalenak. Aldi berean, eskualdeetako gobernuei ere eskumenak eman beharko lizkiekete estatuek, tokiko neurriak tokian bertan erabakitzeko. Globala dena EBn mantentzea eta oso lokala dena eskualdetan zentratzea. Beste ekonomia eredu bat bilatu behar dugu Europako Batasunean, eta horretarako, kontuan hartu beharko litzateke ekonomia demokrazian oinarritzea, klima aldaketaren kontra borrokatzea, eta pertsonen ekonomian oinarritzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.