Jose Elorrieta, ELAko idazkari nagusi zela, 2007ko azaroaren 8an Arnaldo Otegi preso eta ezker abertzaleko kidea bisitatzera joan zen Martutene Donostiako kartzelara —Adolfo Muñoz ELAko gaurko idazkari nagusiak lagundu zion—, eta "oso gustura" atera zen, "gaurko egoera ulertzeko klabeak" azaldu zizkiolako Otegik, Elorrietak gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean kontatu duenez. "Bizpahiru orduz egon ginen hizketan kartzelako gela batean, lasai, eta Otegik bere planteamendua gogoetatua eta garatua zuela ikusi nuen, eta eskema oso koherentea zela. Bide zibil eta demokratiko soilak erabili beharraz oso konbentzituta zegoen agintari politiko bat geneukan gure aurrean. Otegik bazekien subiranismoa eta estrategia politiko-militarra bateraezinak direla. Eta hark esandakotik honekin geratu nintzen: ekimenak aldebakarrekoa izan behar zuela". Otegi 2008ko abuztuaren 30ean atera zen kartzelatik, eta 2009ko urriaren 13an atxilotu egin zuten berriro, Bateragune auzian.
Bateragune auziko epaiketan lekuko gisa deklaratu du Elorrietak. LABekin, eta zehazki Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohiarekin izandako hartu-emanez ere aritu da, eta esan du Diezek "ETAren aroa gainditu beharraz" hitz egiten ziola. Elorrieta eta Diez garai bertsuan izan ziren bi sindikatuetako buruak.
Unai Ziarreta ere gustura atera zen bisitatik
EAko lehendakari zela, Unai Ziarretak ere bisitatu zuen Martutenen Otegi, eta hura ere kontent atera zen. "Bilera hartatik atera nuen sentsazioa izan zen Otegik nire planteamendu berak zituela. Guk pentsatzen genuen subiranisten elkarlana artikulatu beharra zegoela". Urteetan EAJrekin koalizioan egon ostean, EA 2009ko martxoan bakarrik aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara; parlamentari bakarra lortu zuen.
Rafa Larreina EAko zuzendaritzakideak adierazi du bere alderdiaren batzar nazionalean erabaki zutela ezker abertzalearekin elkarlanean hastea, eta "lan instituzionalerako konpromisoa eta giza eskubideen urraketa ororen salaketa irmoa" izan zirela "EAren baldintzak". Otegirekin maiz bildu zirela jakinarazi du, eta Diezekin ere elkartu izan zirela. Larreinak ere esan du ezker abertzaleak bere eztabaidan bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua egin zuela.
Jokin Etxeberria Batasunaren Baionako egoitzan bildu zen Otegirekin
Jokin Etxeberria Iparraldeko Batasuneko kidearen deklarazioarekin hasi dute gaur epaiketako saioa —10:25ean—, bideo konferentziaz, eta hark ere esan du ezker abertzalearen estrategia berriari buruz hitz egin zuela Arnaldo Otegirekin Baionan 2009ko apirilaren 30ean. Adierazi duenez, Otegik estrategia aldatu beharraz hitz egin zion, bide politiko eta demokratiko soilei eusteko.
Etxeberriaren arabera, Santi Orue, Otegi eta Rafa Diez autoan iritsi ziren Urruñara —han bizi da Etxeberria—, "oso leku turistiko batean" egin zuten hitzordua, eta handik Etxeberria eta Otegi aurrenaren autoan Baionara joan ziren, Batasunaren egoitzara, han egiteko bilera. Batasuneko hiru lagun bildu ziren harekin, Etxeberriak deklaratu duenez. Honek aurretik Diez Ziburun utzi zuten —Pako Aranburu LABeko kidearekin bildu zen Ziburun Diez, honek epaiketako lehen egunean kontatu duenez—.
Otegik Etxeberriari ez zion organu bateko kide bezala hitz egin, Iparraldeko Batasuneko kidearen arabera.
Floren Aoiz ezker abertzaleko kideak esan du Miren Zabaletak euren asmoen berri eman ziola, "baina pertsonalki ari ziren eztabaida sustatzen, ez organu bezala". Aoizen arabera, Zabaletaren, Otegiren eta besteen atxiloketak "harridura sortu zuen euskal gizartean".
Teresa Toda presoak azpimarratu du Rafa Diezek "bide baketsu eta demokratikoen aldeko apustua aspalditik" egin izan duela. 18/98 auziagatik daukate preso, Egin-eko zuzendaritzan parte hartu zuelako.
Hurrengo saioa, astelehenean
Astelehenean jarraituko du epaiketak, 10:00etan, lekuko gehiago eta perituekin. Datorren ostegunean amaituko da, aurreikuspenen arabera. Gaurkoa bosgarren eguna izan dute.
Zortzi auzipetu
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Amaia Esnal, Txelui Moreno eta Mañel Serra ezker abertzaleko kideak ari dira epaitzen astelehenetik, Batasuneko Mahai Nazionala berriz ere osatzeko lanetan aritzea leporatuta. Fiskalak hamarna urteko kartzela zigorra eskatzen du.
Auzipetuek lehen bi egunetako deklarazioetan hankaz gora jarri zuten akusazioa, eta bide politikoen aldeko apustua egin zutela azpimarratu zuten. Guztiek ukatu dute Bateragunekoak zirela.
Asteartean Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak esan zuen euren eztabaidak "estrategia politiko-militarra haustea esan nahi" zuela.
Asteazkenean eta atzo hainbat polizia aritu ziren deklaratzen, eta lehendik sinatutako aktak berretsi zituzten. Haietako batek esan zuen Diez atxiloketa egunean bertan atzematea erabaki zutela. 2009ko urriaren 13an izan zen operazioa.