Oraindik ez da apaldu Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Werten adierazpenek sortu duten zalapartaren hotsa. Espainiako Gobernua prestatzen ari den hezkuntza arloko erreformen bitartez ikasle katalanak «espainiartu» nahi dituela erran zuen herenegun ministroak. Kritika gogorrak jaso ditu, ondorioz.
Euskal Herrian, ikasleen eta hainbat alderdiren haserrea piztu dute ministroaren hitzek. Amaiur koalizioko kide Jon Iñarritu diputatuak «demokrazioaren kontrakotzat, atzerakoitzat eta kolonialistatzat» jo du Werten jarrera. «Hezkuntza curriculuma aldatu dute, estatuak birzentralizatze eta espainiartze prozesuan eskumen gehiago izan dezan», erran du. Amaiurrek, oraingoz, ez du ministroa gaitzesteko urratsik egin. Espainiako Kongresuko talde sozialistak, berriz, horretarako eskaera aurkeztu du jada.
EH Bilduko lehendakarigai Laura Mintegiren ustez, berriz, «suari su» eman dio Espainiako Hezkuntza ministroak, eta Patxi Lopez lehendakariak «atzerakoitzat» jo du haren jarrera. «Doktrinamendu ororen aurka nago, eta are gehiago, eskola publikoan».Nafarroako Gobernuan, bertzelakoa da irakurketa: «Nafarroako herritar gehienak espainiar eta nafar izateaz harro sentitzen dira», erran du Yolanda Barcina presidenteak.
Bertzelakoa izan da ministroaren hitzek Katalunian izan duten harrera. «Wertek dena eta direna agerian utzi du», erran du ERCko kide Joan Tardak. Kataluniako PPko Enric Murillok ere onartu du Werten hitzek «belarriko mina» egiten dutela, «nahiz eta haren asmoa elkarbizitzaren alde egitea izan».
Jose Ignacio Werten «jarrera atzerakoia» kritikatu dute
Ikasle katalanak «espainiartu» nahi dituela erran eta gero, ministroa gaitzestea eskatu dute sozialistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu