Jose Luis Elkoro kartzelatik atera da, baina hainbat baldintza jarri dizkiote

Ezker abertzaleko militante historikoa 18/98 auzian zigortu zuten, 75 urte ditu, eta gaixotasun larria du

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Jose Luis Elkoro ezker abertzaleko kide historikoa libre utzi zuten, atzo, baldintzapean. 75 urte ditu Elkorok, 18/98 auzian epaitu zuten, eta Egin egunkaria argitaratzen zuen Orain SA enpresako zuzendaritzako kide izateagatik 24 urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. 2007ko abenduan espetxeratu zuten hargatik, baina epaia behin betikoa izan artean askatu egin zuten gero, bere osasun egoera kontuan hartuta. Ondoren, zortzi urtera gutxitu zion zigorra Auzitegi Gorenak. Epaia irmo bihurtu zenean, berriz atxilotu zuten iazko apirilaren 30ean.

Minbizia du Elkorok, eta haren abokatuek behin eta berriz eskatu dute aske uzteko. Eskaera horixe egiteko sortutako plataformak ere hainbat ekimen egin ditu azken hileetan, eta Bergarako ehun bat zinegotzi, alkate eta hautetsi ohik alkate ohia askatzeko «beharrezko kudeaketak egitea» hitzartu zuten. HBren Mahai Nazionaleko kide izateaz gain, urteetan izan da Elkoro Bergarako alkate.

Iazko apirilean atxilotu zutenetik, Palentziako espetxean izan dute militante historikoa, osasun egoera txarragatik. Gero Martutenera ekarri zuten, eta handik atera zen atzo, 13:30 aldera.

AAMk azaldu duenez, «kontrolerako neurri zorrotzak» bete beharko ditu Elkorok. Eskumuturreko telematikoa jarri diote «une oro non dagoen kontrolatua izan dezaten»; 08:00etatik 13:00etara soilik irten ahalko du etxetik; ezingo du inolako ekimen politikoetan parte hartu; eta, astean behin, Martuteneko espetxera joan beharko du sinatzera.

Zortzi euskal preso ari dira gisa horretako espetxealdi arinduak betetzen, gaixotasun larriek jota. Beste sei, espetxean dituzte. Horien artean dira eskizofrenia eta minbizia dituztenak, esaterako.

Jose Luis Elkoro kaleratzeko herri mobilizazioak izan duen garrantzia nabarmendu du AAMk. Ezker abertzaleak ere, herritarren etengabeko presioa goratu, eta berriagatik poza azaldu du. Bergarako herriaren «duintasuna» zoriondu, eta Elkororen «konpromiso eta militantzia» eredugarritzat jarri ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.