Andoaingo (Gipuzkoa) PSE-EEk antolatuta, eguerdian omendu dute Jose Luis Lopez de Lacalle kazetaria zena, hura gogoratzeko oroitarrian. Bertan, lore eskaintza egin dute. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Lopez de Lacalleren alargun Mari Paz Artolazabal, Alain semea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak.
Bertan, Maider Lainez PSEko zinegotziak hartu du hitza: "ETAk bere disoluzioa iragarri du, eta neure buruari galdetzen diot: zertarako hainbeste sufrimendu eta min?". Etorkizunerako egia, justizia eta erreparazioa nahi ditu: "Guri dagokigu ez daudenen ahotsa izatea; ahots sendoa, ozena. Guri dagokigu bere testigantza eramatea. Bizikidetza landu dezagun, bai, baina memoria landuz".
Gaur hemezortzi urte hil zuen ETAk Lopez de Lacalle, tiroz, bere etxearen atarian. Besteak beste, El Mundo egunkariko zutabegilea zen, eta Ermuko Foroko kidea.