Jose Luis Zabala soinu teknikaria martxoaren 9an hil zen, 62 urte zituela, bihotzekoak jota. Haren heriotzaren berri eman du gaur Marisol Bastidak Mikel Laboa Katedraren aurkezpenean, eta doluminak igorri dizkie Zabalaren senitartekoei. Lankidetza eta adiskidetasun estua izan zuten Mikel Laboak eta Jose Luis Zabalak, luzaz.
Ez dok Amairu taldeko soinu teknikari izan zen garaian ezagutu zuten elkar Zabalak eta Laboak. Fernando Larrukertekin batera, Zabalak grabatu zuen Ez dok Amairuren Baga, biga, higa sentikaria jasotzen zuen zuzeneko disko bikoitza, Urnietako salestarren eskolako aretoan egindako emanaldi batean. Hasieran zentsurarekin arazoak izan arren, ahalegin handiz eta pausoz pauso horiek gainditzea lortu zuten, Edigsa disketxeko arduradunen laguntzari esker: diskoaren sei atal ziren hasieran zentsuratuak; lau, gero; ondoren, bi; eta azkenik dena libre. Baina diskoak ez du egundaino argia ikusi.
Azken urteetan Irudi Ots enpresa gidatzen zuen Jose Luis Zabalak.