Gaur, 18:00etan, egingo duten ezohiko batzarrean hautatuko dute Javier Retegi sei urtez Eusko Ikaskuntzako (EI) lehendakaria izan denaren ordezkoa: Jose Maria Muñoa Ganuza (1942; Paue, Frantzia). Ingenieritza ikasketak egin zituen eta horretan jardun zuen 1983ra arte. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak eraturiko zentru batean ibili zen krisian zeuden enpresa txikiei laguntzen. 1990ean, Jaurlaritzaren bitartez beste eskualdeekin harreman lanetan hasi zen, eta 1994an Jose Antonio Ardanza Jaurlaritzako orduko lehendakariak Kanpo Harremanetarako ordezkari izendatu zuen Muñoa.
Horretan jardun du hamalau urtez (duela urtebete arte). Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari instituzionala izan zen, Europako Eskualdeen Batzordean eta bestelako organo zein eskualde erakundeetan.
Muñoarena zen EIko presidente kargurako hautagaitza bakarra. Lau urtez izango da erakundeko lehendakaria EIko batzar orokorrak horrela erabaki ostean. "Orain arte martxan jarritakoa sendotuko" duela uste du Retegik.
Izaera pribatuko erakunde zientifiko, kultural nazionala da Eusko Ikaskuntza. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako aldundiek 1918an sortua, euskal kultura garatzeko baliabide egonkor eta iraunkor gisa. Euskal Herriko jakintza aztertu, ikertu eta zabaltzeko xedea du, baita euskal kulturaren balio tradizionalak finkatu eta, horien bidez, gizarte kohesioa bultzatzekoa ere.
Gizartea
Jose Maria Muñoa, Eusko Ikaskuntzako lehendakari berria izango da
Javier Retegi ordezkatu du eta lau urtez izango da erakundeko buru. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako ordezkaria izana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu