Gernikako bonbardaketa

Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiak eta Paco Etxeberria forentseak Gernika saria jaso dute

Gaur da bonbardaketaren 79. urteurrena. Goizean Jose Labauria 1937ko alkatea eta George Steer kazetaria omendu dituzte. Bideoa: Bonbardaketaren 79. urteurrena, Gernikan (Argazki Press). [youtube]https://youtu.be/ZOo-rugj_68[/youtube]

2016ko apirilaren 26a
07:39
Entzun

Beste urte batez, Gernikan (Bizkaia) 1937ko bonbardaketan hildakoak gogoratzen ari dira gaurko egunez. Arratsaldean sirena hotsak entzungo dira berriro, baina ekitaldiak goizean hasi dira, Jose Labauria 1937an alkate zenari egin dioten omenaldiarekin. Ondoren, urtero bezala, George Steer kazetaria omendu dute, bere kronikekin mundu osoan gertatutakoa ezagutzera emateagatik. Hain zuzen, bere semeak gaur egungo errefuxiatuak izan ditu gogoan, eta bizirik balego, horiez idatziko lukeela adierazi du. Ekitaldi horren ostean eman diete Gernika saria Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiari eta Paco Etxeberria auzi medikuari, Bakearen eta Berradiskidetzearen izenean. Mujica, ordea, ez da ekitaldian izan.

Arratsaldean sirenak entzungo dira bonbardaketa hasi zen ordu berean, eta hilerrian otoitz egin eta hildakoen aldeko lore eskaintza bat egingo dute. Ekitaldi horretan izango dira Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburua, Josu Erkoreka bozeramailea, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendaria.

Azkenik, bonbardaketa gogoratzeko antzezkizuna gogoratuko dute, eta herritarrek kandela piztuta manifestazio isila egingo dute.

79 urte bete dira aurten, eta, urteurrena baliatuz, Euskal Herrian da egunotan Janusz Chwierut Oswiecin-go alkatea —Poloniako hiri horri alemaniarrek Auschwitz deitzen zioten, eta hala da ezagun han izan zuten kontzentrazio eremua—. Nazioen Berradiskidetze Parkea proiektuak ekarri du, eta Gernikako Arbolaren kimu batekin itzuliko da Poloniara, kontzentrazio eremuan landatzeko. "Ez da soilik izango gerraren eta hondamendiaren ikur bat; demokrazia eta parlamentarismoaren ikur ere izango da", adierazi dio Efe albiste agentziari. Kimua hurrengo urtean landatu nahi dute, bonbardaketaren 80. urteurrenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.