Donostian jaio zen Rekalde, 1930ean. PSE-EEko kidea zen, eta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izan zen 1987 eta 1991 bitartean. 1991n Justizia sailburu izendatu zuten, eta 1994. urtera arte egon zen karguan. 2000. urtean ETAren atentatu bat jasan zuen, etxeko atarian buruan tiro egin ziotenean.
Zuzenbidean doktorea zen, eta Deustuko Enpresaritza Fakultatean irakasle emeritu kargua zuen. Lan arloko eta gizarte mugimendu ugariren abokatua izan zen, eta Donostian 1936ko gerraren ostean eratutako lehen ikastolaren sustatzaileetakoa izan zen. Patxi Lopezen lehendakaritzan, Eusko Jaurlaritzak Rekalde izendatu zuen Bakerako Hezkuntza Plana gidatu zuen aholkulari batzordeko presidente.
PSE-EEren zuzendaritzak samina adierazi du Rekalderen heriotzaren inguruan: "Rekalderen bizi ibilbidea borrokalari batena da, bidegabekerien aurrean isilik egon ezin zena, beti bere printzipioak lehenetsi dituena, mehatxuei men egin gabe".
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak doluminak adierazi dizkie haren kide, lagun eta senideei: "Pertsona eredugarria izan da, eta bere eredua aitortzen dugu".