Pasa den astean atxilotu zuten Joseba Agudo abokatua Hendaian (Lapurdi) eta Paueko Auzitegia gaur erabakitzekoa zen Espainiako Auzitegi Nazionalak hura Espainiaratzeko egindako eskaera, baina atzeratu egin dute. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Agudo Mureteko (Frantzia) espetxean sartu aurretik "biriketan larritasunik ez duen gaitza aurkitu" diote osasun azterketa batean, eta beraz, euroagindua aztertzeko saioa atzeratu dute. Ospitalean dago Agudo.
Hendaiako Kanttu ostatuaren kanpoan atzeman zuten, euskal iheslariekin harremana duelakoan, besteak beste. Aurretik, goizez eta arratsaldean, Guardia Zibilak haren bulegoa miatu zuen, Oiartzunen (Gipuzkoa), Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz.
Bihar Euskal Herrian eremu ezberdinetan lan egiten duten hainbat abokatuk agerraldia eskainiko dute, goizeko 11:30etan, Donostiako Abokatuen Kolegioan, AAMk adierazi duenez. Joseba Agudoren atxiloketaren eta espetxeratzearen inguruko balorazioa egingo dute.
Iragarri zuten atxiloketa
Atxiloketa goizeko lehen orduetatik iragarri zuten hedabide batzuek: Guardia Zibilak Agudo atzeman zuela zabaldu zuen Espainiako Irrati-telebistak. AAMk ukatu egin zuen abokatua atxilotuta zegoela, eta azaldu zuen gertatutakoarekin agerian geratu dela "errepresio estrategian Espainiako Gobernuak menpean dituen komunikabideak nola erabiltzen dituen". AAMk, dena dela, ohartarazi zuen hurrengo orduetan bazitekeela "miaketa gehiago eta atxiloketak" gertatzea. Hori iragarri eta gero atzeman zuten Agudo.
politika
Joseba Agudoren euroagindua aztertzeko saioa atzeratu egin dute
"Biriketan larritasunik ez duen gaitza aurkitu" diotelako atzeratu dute erabakia, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Paueko Auzitegia gaur erabakitzekoa zen Espainiako Auzitegi Nazionalak hura Espainiaratzeko egindako eskaera. Pasa den astean atxilotu zuten Agudo, Hendaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu