Joseba Arregik uko egin dio TV3n Txelui Morenorekin eta Rosa Roderorekin saio batean parte hartzeari

Kataluniako telebista saio bereziak egiten ari da ostegunetik Euskal Herrian, ETAren adierazpenaren ostean. Arregik saioko arduradunari esan zion ezker abertzalearen ordezkariarekin eta Joseba Goikoetxea ertzainaren alargunarekin orekarik ez zela. Banaka elkarrizketatu behar zituzten.

2011ko urriaren 22a
09:36
Entzun

Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilari ohiak uko egin zion atzo TV3 Kataluniako Telebistako zuzeneko saio batean parte hartzeari, gonbidatuta zeudenekin saioak "orekarik" ez zuela argudiatuta. Ostegunetik saio bereziak egiten ari da TV3, eta atzo Txelui Moreno ezker abertzaleko kidearekin eta Rosa Rodero ETAk hil zuen Joseba Goikoetxea ertzainaren alargunarekin batera gonbidatuta zegoen Arregi.

Bilboko Domine hotelean zuten zita gonbidatuek, eta banaka elkarrizketatu behar zituzten, Kataluniatik zuzeneko loturak eginez, bat bestearen ondoren, terrazan. Arregi iritsi zen hotelera eta makillatu egin zuten saioan parte hartzeko. Moreno eta Rodero ikusi zituenean, ordea, saioaren arduradunari esan zion ez zegoela orekarik gonbidatuen artean, eta joan egin zen, makillajea kendu gabe.

TV3n lanketa berezia

TV3 lanketa berezia egiten ari da ETAren iragarpenaren berri izan ostean, eta Bilbora hainbat lagun elkarrizketatzera etortzeaz gain, hiru gonbidatu espreski eraman zituen Bartzelonara hegazkinez. Bartzelonako platoan bi mahai osatu zituzten. Lehenengoan, tartean, Toni Batista, Mariano Ferrer, Gorka Knorr eta Gorka Espiau zeuden. Bigarrenean, tartean, Eulalia Lluch, Javier Elzo, Martin Aranburu eta August Gil Matala.

Kataluniako Telebistaren unitate mugikorra Euskal Herrian da egunotan, eta ostegunean BERRIAko egoitza nagusian izan ziren ETAren adierazpena publiko egin ondoren, saio berezi batean. TV3ek astelehenetan eskaintzen duen Agora saioan Euskal Herriko egoeraz eztabaidatuko dute etzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.