Joseba Asiron Iruñeko alkatea izango da EH Bilduren hautagaia hurrengo legealdian ere Iruñeko Udala gidatzeko. Horrenbestez, koalizioaren zerrendaburua izango da hirian, 2019ko udal eta foru hauteskundeetan. Maider Beloki EH Bilduko zinegotziak eman du Asironen hautagaitzaren berri. Asironek adierazi du "izugarrizko luxua eta plazerra" dela alkate kargua berritzeko hautagai izatea.
Alkateak eskerrak eman dizkie "aldaketaren aldeko jendeari", kalean haren ondoan "beti lanean" egon direlako. EH Bilduri ere esker ona adierazi dio, duela hiru urte agertu zion konfiantza berritzeagatik.
Asironen esanetan, "erronka oso garrantzitsua" du aurretik EH Bilduk: "aldaketa sendotzea". Nabarmendu duenez, "Iruñea berri baterako oinarriak" eraiki dituzte aldaketaren aldeko indarrek, baina oraindik beste urtebeteko lana gelditzen zaiela ohartarazi du. Ilusio eta indar berberekin lanean jarraituko duela hitz eman du, "seriotasunez, profesionaltasunez eta zintzotasunez". Asironek ziurtatu du pertsonalki ez duela "Iruñearen alde lanean jarratzea" beste anbiziorik.
Alkateak ziurtatu du legealdia amaitzeko urtebete falta denean, Iruñea "hiri berdeagoa, jasangarriagoa, justuagoa, sozialagoa eta, noski, feministagoa" dela. Horren meritua "jendearena" dela adierazi du, eta balioa aitortu dio hiriko eragileekin garatutako elkarlanari.
Asironena izan da zerrendaburu izateko EH Bildun aurkeztu den hautagaitza bakarra. Ez da horrela gertatu Bizkaian. Bina hautagaitza aurkeztu dira Batzar Nagusietarako eta Bilboko Udalerako zerrendaburu izateko. Batzar Nagusietarako zerrendaburua Beatriz Ilardia eta Arantza Urkaregiren artean aukeratuko dute militanteek. Ilardia abokatua da eta egun zinegotzi da Galdakaon. Urkaregi, beraz, Matematikan doktore da, EHU irakaslea eta egun, koalizioaren Bizkaiko batzarkidea.
Bilboko Udalerako hautagaitzaren buru Joana Markoartu ala Jone Goirizelaia izango den ere erabakiko dute koalizioko kideek. Markoartu Ingeles Filologian lizentziatua da, eta admnistrari gisa egiten du lan Gasteizko Udalean. Goirizelaia, berriz, abokatua da, eta koalizioko legebiltzarkide da Eusko Legebiltzarrean.