Radio Euskadin goizean egin dioten elkarrizketan, EAJko GBBko buru Joseba Egibarrek esan du zalantzak sortzen dizkiola EH Bilduk eta EHBaik gaur aurkeztu duten Euskal Bideak: "Dirudienez, menpekotasun tresna diren instituzioak autoeraketa tresna bihurtzea proposatu dute, eta horrek zer pentsatua ematen dit. Errealitate berri bat sortzeko planteamenduan gabezia dago". Haren ustez, ez dira desioak errealitatearekin nahastu behar, eta frustraziorik eragingo ez duen bidearen alde egin du.
EAEko PPko idazkari nagusi Nerea Llanosek, berriz, ez dio berrikuntzarik ikusi gaur Ficoban aurkeztu den proposamenari. "Propaganda ekitaldi bat besterik ez da izan". Halaber, EH Bilduk zer proposatzen duen baino gehiago, gainerako alderdiek zer esaten duten garrantzitsuagoa deritzo: "EAJk independentzia proiektu hori babesten duen jakin beharko litzateke".