Joseba Egibar EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentea Irunen izan da gaur, Markel Olano Gipuzkoako aldun nagusiarekin batera, eta alderdiek orain biolentzia mota guztien biktimen erreparazioan lan egin behar dutela esan du. "ETA amaitu da. Orain denok egin behar dugu lan, baita alderdiek ere, biolentzia mota guztien biktimen erreparazioan".
Egibarren hitzetan, bakeak sendotzeko beharra eta "denon" parte hartzearen beharra dauka, "galdutako errespetu, bizikidetza eta adiskidetze mailak berreskuratzeko". Gainera, aurrerapauso horiek ez direla mitin eta titularren bidez lortuko adierazi du. Bide horretan, Patxi Lopez lehendakaria kritikatu du, atzo alderdien mahaia ez duela eratuko esan ondoren. "Zer oinarri demokratiko izan dezake gaur egungo Eusko Jaurlaritzak, zenbait kontu alderdi guztien artean hitz egitea biolentzia praktikatu duen ez dakit nor saritzea pentsatzen badu?".
Aralarreko Rebeka Ubera ere Lopezen aurka mintzatu da, "elkarrizketa eta herri honek nahi duen normaltasun politikorako alderdien mahaia abian jartzea ukatzeagatik". Espainiako Gobernuari "eman behar duen pausoa" emateko eskatu dio, "alde bakarretik eta inolako baldintzarik gabe"; Sortu legeztatzea behar demokratikoa dela gaineratu du. Bide batez, bere politikarekin presoak "bahituta" daudela esan du, eta hori uztera deitu du. "Presoak pertsona dira, eta Gobernuaren jardunak alde bakarrekoa izan behar du, konponbidearen bidean inolako ordainketarik gabekoa".
Iñaki Galdos Hamaikabatekok presidenteak, berriz, bakea eta normalizazioa ez liratekela Sorturen legalizazioarekin nahastu behar adierazi du gaur, ezta euskal gatazkaren konponbidearekin ere. "ETAk beti nahi izan du euskal gatazka berarekin lotzea", esan du Galdosek, eta bera ez dela iritzi horretakoa azaldu du.