Politika

Joseba Egibar: "Ponentzia politikoaren bidez abertzaleen arteko elkarlanaren aukera egin du EAJk"

Joseba Egibar EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarreko bozeramailearen eta erakunde horretako lehendakari izateko hautagaiaren arabera, abertzaleen arteko elkarlana sortzea da jeltzaleen lehentasunetako bat. Egibarrek azaldu duenez, duela lau urte onartutako ponentzia politikoan elkarlan hori bultzatzea onartu zen estrategia politiko gisa, eta orain hurrengo lau urteetarako eztabaidatzen ari diren ponentzia politikoan planteamendu bera jasotzen da. Nolanahi ere, elkarlan horretarako baldintza ezinbestekoak indarkeriarik eza eta "bide politiko eta demokratiko hutsen" hautua dela nabarmendu du. Ondorioz, une honetan elkarlanerako baldintzarik ez dagoela esan du, baina egoera hori "sor" daitekeela azpimarratu du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

2003ko abenduaren 9a
11:04
Entzun
EAJ barne eztabaida prozesuan da. Batetik, 2004-2008 urte artean alderdiaren estrategia zuzenduko duen ponentzia politikoa onartzeko, eta, bestetik, EBB zuzendaritza organoko lehendakari berria hautatzeko.

Ponentzia politikoaren inguruko eztabaidari dagokionez, zuzenketa asko aztertu dituztela agertu du Egibarrek, baina, funtsean, alderdi abertzaleen arteko elkarlana bultzatzea hobetsi dela. "Estrategia politikoez ari gara, eta ildo horretatik, guk aukera bat egin dugu ponentzia politiko horretan; argi eta garbi dago abertzaleen arteko harremanak eta elkarlana beharrezko ikusten ditugula; beharrezko ez ezik, posible ikusten ditugula", agertu du.

Alderdi abertzale horien arteko elkarlanaren xedea, bakoitzak dituen proposamenak mahai gainean jarri eta aztertzea litzatekeela zehaztu du EBBko bozeramaileak; Euskal Autonomi Erkidegoari dagozkion proposamenak, zein Nafarroa eta Ipar Euskal Herriari buruzkoak: "Guk, esaterako, autonomi erkidegorako proiektu bat badugu. Beste alderdi batzuk, beste proposamen batzuk dituzte. Bada, proiektu horiek guztiak mahai gainean jarri behar dira, parekotsunean, nahiz eta guztien indarra ez den berdina. Mahai gainean jarri behar dira EAEren, Nafarroaren zein Iparraldearen inguruan ditugun proiektuak eta aztertu lurralde bakoitzarentzat zein den egokiena. Aztertu, hitzaratu eta gero ebaluatu. Izan ere, hau ez baita egun batetik besterako kontua izango, epe luzean aztertu beharrekoa baizik".

Nolanahi ere, elkarlan hori abiatzeko aurrebaldintza batzuk bete behar direla azpimarratu du Egibarrek, hala nola, indarkeriarik ez egotea, eta bide "politiko eta demokratikoak" soilik erabiltzea, eta "indarkeria adierazpenak egongo balira haien aurka argi eta garbi agertzea". "Une honetan baldintza horiek ez dira ematen, baina sor daitezke. ETAren azken komunikatuak irakurri edo entzun ondoren, eta PPk zein PSOEk egungo jarrerak mantentzen badituzte, bidea zabaltzea ez da erraza izango. Baina nonbaitetik hasi behar da, eta herri honetan pausu asko eman dira. Iraganean ere, 1998ko prozesu hartatik, denok ikasi dugu zerbait. Ezin dugu hankasartze gehiago egin; asmatzen jakin dezagun, harremana errespetuan oinarrituz, eta iruditzen zait, orduan etorkizuna abertzaleen esku legokeela. Ez daukagu horregatik makurtu edo lotsatu beharrik", esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.