Joseba Mujika Elorrioko (Bizkaia) EAJko zinegotzia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Parte Hartzerako zuzendaria zendu zen atzo, Sabiñanigon (Huesca), bizikletan zebilela bihotzekoak jota. Mujika hirugarren legegintzaldia betetzen ari zen EAJko zinegotzi gisa Elorrioko Udalean, eta herriko bigarren alkateordea ere izana zen aurreko bi legegintzaldietan.
Mujikaren espero gabeko heriotzak samina piztu du alderdi jeltzalean. Alderdiak berak Twiterrren zabalduriko mezu baten bidez eman zuen albistea, eta Mujikak alderdiarekin izandako konpromisoa nabarmendu zuten: «Ez dugu ahaztuko urte hauetan guztietan herriarekin eta Alderdi honekin izan duzun konpromisoa. Gizon ausarta, langilea eta kementsua. Beti gogoan izango zaitugu, lagun. Besarkada estua familia eta lagunentzat. Goian bego».
Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Itxaso Atutxak ere oroitu du Mujika, eta betiko oroituko zutela nabarmendu du. Eider Mendoza Gipuzkoako Gobernantza diputatua eta foru bozeramaileak ere samina adierazi du: «Ez dugu ahaztuko urte hauetan guztietan herriarekin eta Alderdi honekin izan duzun konpromisoa. Gizon ausarta, langilea eta kementsua. Beti gogoan izango zaitugu, lagun. Besarkada estua familia eta lagunentzat. Goian bego»”.
Alderdi jeltzaleaz harago, Mujikaren heriotzak samina eragin du euskal politikan. Bertzeak bertze, Eneko Andueza PSE-EEko buruak eta Esti Elduaien EH Bilduko legebiltzarkideak ere doluminak eman dizkiete senide eta alderdikideei. Idoia Buruaga Elorrioko alkateak ere babesa adierazi die senide, lagun eta alderdikideei.