Politika

Joseba Permach epailearen aurrera eraman dute, EHAKren auziagatik

Ezker abertzaleak elkarretaratzea egin du Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta "Espainia demokraziaz mozorroturiko diktadura" dela salatu du. Batasuneko kidea preso daukate iazko urritik.

2008ko azaroaren 25a
12:45
Entzun
Joseba Permach presoa eta Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea Bilbora eraman dute gaur goizean Topas (Salamanca, Espainia) kartzelatik, Antonio Garcia EAEko Auzitegi Nagusiko epailearen aurrera, EHAKren auzia dela-eta. Iazko urrian atxilotu zuten Permach, Seguran (Gipuzkoa), Batasunaren bilera baten ondoren, eta epaileak alderdi politiko horren eta EHAKren ustezko loturaz galdetu dio, besteak beste. 10:30erako zeukan hitzordua.

Joan den irailean Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuen EHAK -EAE-ANV ere bai; Batasuna 2003an utzi zuten hala-.

Permachen gaurko agerraldia dela medio, ezker abertzaleak auziaren aurkako elkarretaratzea egin du Bilbon gaur hamarretatik aurrera, epaitegiaren aurrean. "Salbuespen egoera" salatu dute eta autodeterminazio eskubidea eskatu.

"Errepresioak ezertarako ez duela balio ikusi izan da urteetan", adierazi du Julen Aginako ezker abertzaleko kideak, "eta euskal gizartearen gehiengoak aldaketarako daukan desioa ere ez dute gelditu". Haren arabera, "demokraziaz mozorroturiko diktadura da Espainiakoa, alderdiak legez kanpo uzten dituelako, militante politikoak atxilotzen dituelako, ikurriña jazartzen duelako eta Euskal Herriari existitzea ukatzen diolako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.