Eusko Jaurlaritzaren eledunaren iritziz, eta bere esperientzia pertsonalaren arabera, ikerketa batzordeek ez dute auziak argitzen laguntzen: "Askotan nahastu egiten dituzte, gezurrak diren gauzak azpimarratzen baitira". Hala ere, Josu Erkorekak uste du Cabieces auziari buruzko informazioa jakiteko eskubidea dutela herritarrek. Euskadi Irratiko elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek, EAJk eta PSE-EEk legebiltzarreko ikerketa batzordea ez osatzearen alde zergatik egin zuten galdetuta.
Auzi horren haritik tiraka Iñigo Urkullu lehendakariak eta EH Bilduk sare sozialen bidez izan duten eztabaidaz ere hitz egin du Erkorekak. Haren ustez, ez dira onargarriak erakunde publikoen kontra eginiko hainbat adierazpen: "Ajuria Eneak tortura babestu duela eta terrorismoaren kontura batzuk aberastu egin direla". Jaurlaritzaren eledunaren esanetan, maila horretako adierazpenek merezi duten maila berean egin ditu Urkulluk azken adierazpenak. Eta gaineratu du ea nork hartuko dituen bere gain ETAren garaian gertatutakoen erantzukizun politikoak.
ETAren zain
ETAren armagabetzearen zain daudela aitortu du Josu Erkorekak, eta gaineratu du ez dutela Jaurlaritzak eginiko armagabetze proposamenaren erantzunik jaso. "Badirudi Espainiako hauteskunde orokorren zain dagoela ETA".