Frantziako Poliziak Josu Esparza (Iruñea, 1979) Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea atxilotu du gaur Baionan, eta litekeena da Espainiakoaren esku uztea aurki. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak Esparzaren aurkako euroagindu eskaera egin eta Pauek baiezkoa eman zuen azaroaren erdian.
Esparza, horregatik, azken asteetan ezkutatuta izan da, eta lehengo larunbatean azaldu zen jendaurrera, Baionan "aterabide demokratikoen alde" egindako manifestazioan. Aurore Martin Batasuneko kidea ere agertu zen jendaurrera.
Frantziako Poliziak Esparza joan den irailean atzeman zuten lehen aldiz, Donibane Lohizunen, eta Justiziak baldintzapeko askatasunean laga zuen. Urrian atxilotu zuten berriro, eta atzera libre utzi zuten, baldintzekin. Poliziak dio orduan ihes egin zuela. Espainiako Polizia urtarrilean saiatu zen hura atxilotzen, Ekinen kontra egindako operazioan. AMMk azaroan jakinarazi zuenez, urtarrilaz geroztik Baionan eta Hendaian bizi izan zen Esparza, bizitza publikoa eginez. Euroagindua onartu ondotik gorde zen.
"Gure etorkizuna kartzelan dugu; beraz, pertsonalki itxaropentsu izatea zaila da", zioen AMMko kideak ostiraleko BERRIAn. "Baina egoera orokorrari begira, itxaropentsu naiz. Ikusten dut euskaldunen artean aurrerapausoak ematen direla, elkar batzeko".