Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak baldintzapeko askatasuna eman dio Josu Uribetxebarria preso gaixoari. Espainiako Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatzea ebatzi du epaileak, presoak gaixotasun larri eta sendaezina duela argudiatuz. Albistearen berri izatean, Donostiako Ospitalean gose greban eta elkarturik zeuden hamarnaka lagunek txaloka hasi dira, hunkiturik. Batzuek elkar besarkatu dute eta pozak eragindako negar malkorik ez da falta izan. Gose grebalariek amaitutzat eman dute gose greba.
"Albiste on handi bat da euskal gizartearen gehiengoarentzat", adierazi du Jon Garaik Herrira mugimenduaren izenean, albistearen berri izatean presazko balorazio bat eginez. "Zoritxarrez, berandu iritsi da, Josu Uribetxebarriak aske egon beharko zuen duela zazpi urte, lehen minbizia izan zuenean. Zazpi urte beranduago, Josuren egoera bueltarik gabekoa da. Horregatik, hemendik eskatu nahi diogu erantzukizuna Espainiako Gobernuari. Hau ez da berriro gertatu behar, inoiz ez. Gaitz larriak eta sendaezinak dituzten gainerako hamahiru presoak askatu behar dituzte", adierazi du Jon Garaik. Azkenik, Herrira-ko bozeramaileak zorionak eman dizkio euskal gizarteari azken hilabetean Josu Uritxebarriaren askatasunaren alde egindako lanagatik.
Fiskalak bost eguneko epea du epailearen erabakiari helegitea jartzeko.
Fiskaltzak eta auzitegi medikuak esandakoaz beste, Arrasateko presoaren eskubideak errespetatu, legea bete eta presoa baldintzapean aske uztea erabaki du epaileak. Tratamenduaren nondik norakoak gertutik ezagutu ostean, eta txosten guztiak eskuetan hartu du erabakia. Donostiako Ospitaleko medikuen txostenak eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuarenak eskuan izan arren, herenegun arratsaldean Donostiako Ospitaleko onkologoekin eta presoarekin berarekin bildu zen. Uribetxebarriak Espainiako legedia betetzeko eskatu zion. Metastasia diagnoskatu zioten orain hilabete Uribetxebarriari, 2005ean izan zuen minbizia berpiztuta.
Astelehenean;presoa baldintzapean aske uztearen aurka agertu zen Pedro Rubira Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala, preso gaixoak askatasuna emateko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ez dituela argudiatuz. Uribetxebarriaren gaixotasuna "oso larria" dela berretsi zuen arren, duen minbizia Zaballako espetxean (Araba) artatu daitekeela nabarmendu zuen fiskalak. Arrasatearra hilaren 1etik dago ospitaleratuta eta astelehenaz geroztik, erradioterapia tratamendua jasotzen ari da.
Osakidetza eta Leongo Ospitaleko txostenak, alde
Uribetxeberria libre ez uzteko aukera jasotzen zuen Carmen Baena Auzitegi Nazionaleko medikuak ere, preso gaixoaren osasun egoeraren inguruan egindako txostenean; Osakidetzako eta Leongo (Espainia) Ospitaleko txostenek diotenaz beste. Presoa "fase terminalean" ez dagoela nabarmentzen zuten auzitegi medikuak eta fiskalak. Leongo Mansilla espetxean zegoen Uribetxebarria, uztailaren 20an ospitalera eraman zuten arte. Aske uzteko baldintzen artean, baina, Espainiako legediak ez du aipatzen presoak "fase terminalean" egon behar duenik, baizik eta hark duen gaixotasunak larria eta hilgarria izan behar duela. Hala diote Espainiako Zigor Kodearen 92. artikuluak eta Espetxe Araudiaren 196.2 artikuluak. "Irizpide bera aplikatuko da —baldintzapean aske uztea—, medikuaren txostenaren arabera, oso larri dauden gaixoekin, jasankizun sendaezinak badituzte". Jurisprudentzia ere gaixotasun larriak dituzten presoak baldintzapean aske uztearen aldekoa da, besteak beste, presoek duintasunez hiltzeko eskubidea dutela argudiatuta.
Txosten guztiek bat egiten dute presoaren gaixotasunaren larritasunean. Osakidetzako medikuen ustez, urtebetean hiltzeko probabilitatea %90ekoa da, eta auzitegi medikuaren arabera, %50ekoa.
Bide korapilotsu eta luzea
Hilaren hasieran, Arrasatearrak gose greba hasi zuenospitaleko ziegan, bere "muturreko egoera" salatzeko. Azkenerako, bi asteko protestari amaiera eman zion iragan astean, "bizitza lehenetsita"; medikuen esanetan, bere egoera oso ahula zelako.
Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradua ezarri zion presoari, hilaren 17an; baldintzapean aske geratu aurreko pausoa. Presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizia arriskuan jartzen duela argudiatu zuen Espetxeetako Zuzendaritzak.
Protesta ugari azken egunetan presoarekin elkartasunez
Espainiako eta Frantziako estatuetako kartzeletako presoek hainbat borrokaldi egin dituzte azkeneko asteetan Uribetxeberriaren eta gainontzeko hamahiru presoen askatasuna galdegiteko eta hainbat eragile kultural, politiko eta sozial atera dira kalera preso gaixoen eskubideen alde. Donostian, jendetza bildu zen abuztuaren 12an salbuespen neurriak amaitzeko eskatzeko Herrira mugimenduak egindako manifestazioan. Azkeneko asteburuetan elkarretaratzeak eta baraualdiak Euskal Herriko txoko guztietara hedatu dira.
Preso gaixoekiko elkartasun keinuek ez dute amaierarik. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzte 13 preso daude oraindik Frantziako eta Espainiako estatuetan barreiatuta. Horregatik, hainbat pertsona ezagunek manifestazioa deitu dute larunbaterako, Gaixo dauden presoen giza eskubideen alde lelopean. Donostiako Antigua auzoko tuneletik abiatuko da manifestazioa, 17:30ean. "Hamalauak etxeratu eta espetxe politika hau eta debekuak amaitu beharra dago" adierazi du Andoni Egaña bertsolariak; deitzaileen izenean.