Euskal presoak

Josu Urrutikoetxea ostegunean geldituko da aske

Frantziako Dei Auzitegiko epailearen erabakiz, euskal presoa bihar aterako da La Sante espetxetik. Uztailaren 1ean, eskumuturreko telematikoarekin aske uztearen egingarritasunari buruzko txostena eskatu zuen; emaitza baikorra eman du. Bost auzi ditu zabalik Parisen: Frantziaren bi epaiketa, eta Espainiaren bi estradizio eskaera eta euroagindu eskaera bat; Uztailaren 1ean Parisek atzera bota zuen euroagindu eskaera bat.

Josu Urrutikoetxea, 2002an, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko uztailaren 29a
14:37
Entzun

Bihar aterako da Parisko La Sante presondegitik Josu Urrutikoetxea. Gaur arratsean jakinarazi du Frantziako Dei Auzitegiko instrukzio ganberako epaileak euskal presoa libre utziko dutela. Bihar, hilak 30, joan beharko du eskumuturreko telematikoa ezartzera. Bere mugimendu guzien berri eman beharko du Urrutikoetxeak, eta ordutegi zehatza izanen du etxetik ateratzeko. Parisen herritar batek utzi dion etxean egonen da, eta debekatua izanen du Frantziako Estatuaren menpeko lurretatik ateratzea.

Uztailaren 1ean, Urrutikoetxea aske uztea erabaki zuen Dei Auzitegiak, eskumuturreko telematikoa ezarrita. Libre uzteko tramite bat bete dute ordutik: La Sante kartzelak epaileen erabakiaren egingarritasuna aztertu du, Urrutikoetxea han baitago preso iazko maiatzetik. Gaur epaileak jakinarazi du aldeko iritzia eman duela egingarritasun txostenak ere. BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera, erabakia berrestea izaten da ohikoena.

Gaurko saioan, Laure Heinich defentsa abokatuak adierazi du eskumuturreko telematikoa «inutila» dela, eta kontrol judizial arinago bat nahikoa litzatekeela. Urrutikoetxea Parisko etxe batean hartuko duen herritarra entzuna izan dela erran du. Eskumuturreko telematikoa ematea erabakiko balu, ordutegi malguak onartzeko eskatu dio epaileari, Urrutikoetxeak unibertsitateko klaseak segitzeko aukera izan dezan. Hala ere, azpimarratu du nahiago dutela eskumuturrekoarekin egotea kartzelan baino. Egingarritasun txostena kontuan hartzeko eskatu du fiskalburuak, Heinichen hitzak bere eginez: «Hobeki dago eskumuturrekoarekin, presondegiko lau hormen artean baino».

Laurent Pasquet-Marinacce defentsa abokatuak Urrutikoetxearen kontrako prozedurak zertan diren oroitarazteko hartu du hitza. «Badu urte bat baino gehiago espainolek dei egin dizuela bi estradizio eta bi euroagindu. Biziki luzea da», adierazi du. Epaileari zuzenduta, erran dio auzitegia ez dela beranta horren arduraduna. «Autoritate espainiarrak dira. Euroagindu bat ez da onartua, bestearentzat ez dira gai errateko zergatik epaitu nahi duten zehazki». Urrutikoetxea Espainiarentzat «ikono» bat dela nabarmendu du, haren iazko maiatzeko atxiloketaren ondotik Espainiako autoritateek egin zuten prentsaurrekoa gogora ekarrita: «Ikonoa da, ETAk armak uztearen izandako paperagatik. Horrek azaltzen du Espainiaren gogoa. Eskaera herrenak dira, ez dira oinarrituak».

Egoitz Urrutikoetxeak, Josuren semeak, oroitarazi du uztailaren 1ean euroagindu bat [Barajasko atentatuagatik gizateriaren aurkako krimenena] bertan behera uzteko argudioetako bat prozeduren «katramilatzea» izan zela. «Espainiako epaileek ez dituzte Frantziako epaileei erantzunak nahi bezain azkar eta nahi bezain sendo ematen, eta horrek irudikatzen du sakoneko arazo bat». Eskumuturreko telematikoaren erabakiak horri erantzuten dio, haren iritziz: «Espainiak aski modu prezipitatuan egin zituen eskariak, eta abokatuek gaur erran duten gisan, aski da hemerotekara itzultzea, eta Espainiako Barne ministroak Guardia Zibilaren buruarekin egin zituen adierazpenak oroitaraztea. Esan zuten aitaren atxiloketa inportantea zela, ezker independentistarentzat irudi handikoa zelako, batez ere egun bizi dugun egoeran eta ziklo baten bukaeran bete zuen paper politikoagatik». Egoitz Urrutikoetxearen ustez, hor aurkitu behar dira prozedura hauen arrazoinak. «Azken batean, oinarri juridikoetan baino kontakizunean du iturburua aitak momentu honetan pairatzen duenak»

Iazko maiatzaren 16an atzeman zuten Urrutikoetxea, Frantziako Alpeetan. Ekainaren 19ko saioaz geroztik, Dei Auzitegiak eta Kasazio Auzitegiak lau aldiz ukatu dute askapen eskaria. Dei Auzitegiak berak iazko ekainaren 19an kontrol judizialpean Urrutikoetxea libre uzteko erabakia hartu zuen, baina, Espainiak eskatutako euroaginduak tarteko, Frantziako Poliziak orduan bertan atxilo hartu zuen berriro, artean La Sante espetxean zela.

ETArekin lotuta, bi epaiketa ditu egiteko, baina Parisek ez du horiengatik espetxeratzeko beharrik ikusten. Ez dute uste egokia denik Espainiako prozedurengatik —bi euroagindu eta bi estradizio eskaera— preso izatea Frantzian.

Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce defentsako abokatuek auzi saioan galdegin zuten Urrutikoetxea kontrol judizialpean askatzea, eta, behar izanez gero, eskumuturrekoa ezartzea, baina fiskalak nahikoa deritzo eskumuturrekoa jartzeari. Epaileek ere bai. Gaur berretsi du auzitegiak erabakia: Josu Urrutikoetxea, aske.

Hurrengo hitzorduak

Irailak 30. Espainiako Gobernuaren estradizio eskaera: Frantziako Dei Auzitegian beste auzi saio bat Luis Herguetaren hilketaz (1980).
Irailak 30. Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaera: Dei Auzitegiak herriko tabernen auziaz ebazpena emango du.
Urriak 19-20. Frantziaren epaiketa: 2005-2006ko prozesuan-eta ETAren zuzendaritzako kidea izatearen akusazioa.
Urriak 21-22. Frantziaren epaiketa: 2011-2013an Osloko elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kidea izatearen akusazioa.
Data zehatzik gabe. Espainiako Gobernuaren estradizio eskaera: Frantziako Kasazio Auzitegiak ebazpena emango du Zaragozako kuarteleko atentatuaz (1987). Dei Auzitegia estradizio eskaeraren alde azaldu zen, eta defentsak kasazio helegitea aurkeztu zuen.

Ebatzitakoa

Uztailak 1. Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaera: Dei Auzitegiak atzera bota zuen Barajasko T4ko atentatuagatik (2006) Madrilek egindako eskaera, zehaztasun faltagatik. Lehen aldia izan zen Parisko auzitegi batek euroagindu bat baztertu zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.