'.EUS' DOMEINUA

Josu Waliño Pizarro izendatu dute PuntuEus fundazioko zuzendari

Behin '.eus' domeinua onartuta eta ICANN erakundearekin kontratua sinatuta, domeinu eskariak jaso, kudeatu eta erregistratzeko prestatzen ari da PuntuEus fundazioa.

Ezkerretik eskuinera: Lorea Arakistain Aizpiri, Josu Waliño Pizarro eta Iratxe Esnaola Arribillaga. PUNTUEUS FUNDAZIOA
2014ko irailaren 3a
07:46
Entzun

Hasi da lanean fase berria bultzatu eta proiektua gidatzeko lantalde berria. Josu Waliño Pizarro da PuntuEus egitasmoaren zuzendari berria. Waliño (Zumaia, 1972) informatikan lizentziatua da, eta Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresaren sortzaile eta Elhuyar Fundazioko Berrikuntza eta Proiektuen zuzendari eta zuzendaritzako kidea izan da.

Waliñorekin batera Lorea Arakistain Aizpiri komunikazio arduradunak osatuko du lantaldea. Iratxe Esnaola Arribillagak, gaur arte proiektuaren bultzatzaile izan denak, abendura bitartean jarraituko du proiektuan lanean, eta unibertsitateko zereginetara itzuliko da ondoren.

PuntuEus-en ibilbidea

2013ko ekainaren 14an onartu zuten .eus domeinua, eta martxan jartzeko beharrezko lanak bukatu ondoren, 2014ko udaberritik ikusgarri dago Interneten.

Hemendik aurrera, PuntuEus proiektuak Interneteko domeinu horren ardura izango du, fundazioak azaldu duenez: domeinuen erregistrorako eskariak jaso, domeinua erabiltzeko ezinbestekoak diren baldintzak betetzen direla ziurtatu,
betetzen baditu erregistrorako baimenak eman, eta, azkenik, erregistroa teknikoki mantentzen dela ziurtatuko du.

Irailaren erdialdetik aurrera abiatuko da hurrengo fasea, zeinetan erakunde, enpresa, elkarte eta partikularrek domeinu eskaria egiteko aukera izango duten. Horretarako, webgune berria jarri da martxan: Domeinuak.eus.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.