Joxe Azurmendi Otaegi idazle eta pentsalariari (Zegama, 1941) emango diote aurtengo Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria, eta, hala, haren ibilbidearen garrantzia aitortuko dute. Gaur eguerdian jakinarazi dute erabakia, Donostian. 1995ean sortu zuten Euskal Herriko Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien saria, "Euskal Herriaren kulturaren garapenean laguntzen" duten pertsonen lana goratzeko.
Jose Maria Muñoa Eusko Ikaskuntzako lehendakariak esan du "oso sendoa" dela haren "kultur sustraia", eta "beti duela begirada garbia; batzuean deserosoa egiten dena". Azurmendi irekia eta independentea dela azaldu du, eta lan pedagogikoa eta sakona egiten duela.
Azurmendi 1971tik ari da saiakera liburuak idazten. Hizkuntza, etnia eta marxismoa izan zen haren aurrena. Azkena duela egun batzuk aurkeztu du: Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa.
Gazte-gaztetatik Arantzazuko frantziskotarren ikastetxean ikasi zuen, eta gero ordena horretan sartu zen. Filosofia ikasketak egin zituen Alemanian, eta Teologiakoak Erroman. 80ko hamarkadaren hasieran, ordena utzi eta gero, irakasle gisa hasi zen lanean EHUn. 1984an doktore tesia aurkeztu zuen Arrasateko mugimendu kooperatibistaren sortzaile Jose Maria Arizmendiarrietari buruz. Jakin aldizkariaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta Egunkaria-ren sustatzaileetakoa ere bai.
Eusko Ikaskuntza sariagatik 20.000 euro emango dizkiote. Udazkenean izango da ekitaldia.