Duela hamasei urte, ETAk Joxe Mari Korta Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko burua hil zuen, haren enpresako atarian bonba auto bat leherrarazita. Urtero bezala, hura omentzeko ekitaldi bat egin dute senide eta lagunek, ETAk hil zuen toki berean, Zumaian. Ohi dutenez, alderdi politiko, erakunde eta enpresa munduko ordezkariak ere bildu dira.
Hamabost minutuko isilune batez gogoratu dute enpresaburua, Korta SA lantokiaren aurrean. Ekitaldia amaitzeko, lore sortak utzi dituzte haren omenez eraikitako oroitarriaren aurrean.
Ordezkaritza politiko zabala bildu da omenaldian. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburua, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia, Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria, Peio Urizar EH Bilduko legebiltzarkidea, Xabier Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailea, Joseba Egibar EAJren GBBko burua eta Pili Zabala Ahal Dugu-ren lehendakarigaia.
Ekitaldian ohi duenez, hitza hartu du Jesus Mari Mujika Bidetik fundazioko bozeramaileak. "Bizikidetza eta bakerako marko egokia" eraikitzea ezinbestekoa eta presazkoa dela esan du, batez ere kontuan hartuta "biktimak eta gizarte zibila" egiten ari diren "ahalegina".