Urtarrilaren 12an hogei urte beteko dira Joxemi Zumalabe Donostiako kazetari eta, besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaileetako bat hil zela. Hura omenduko dute datorren astean, hainbat egunetarako prestatutako egitarauaren bidez. Zumalabe zenaren pentsamenduaren ildo batzuk hartu, eta horiek jorratuko dituzte jardunaldietan, Iñaki Uria Euskaldunon Egunkaria-ko kontseilari ordezkari izandakoak azaldu duenez.
Zumalabe zenaren lagunek antolatu dute egitaraua, eta senideen babesa eta Joxemi Zumalabe Fundazioaren laguntza jaso dute. Maddi Zumalabe alaba pozik azaldu da egitasmoarekin, eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei.
Asteartean ekingo diete ekitaldiei, hilaren 8an, Mugimendu sozialak eta prestakuntza mahai ingurua antolatuta. Marta Luxan soziologo eta irakaslea izango da moderatzailea, eta bertan parte hartuko dute Miren Arangurenek (Emagin), Nicola Foronik (Gizarte Ikerterarako Talde Eragilea) eta EHNEko ordezkari batek.
Astezkenean, berriz, Kapitalismoak badu alternatiba izenburupean elkartuko dira Mertxe Larrañaga eta Iñaki Antiguedad EHUko irakasleak eta Hiriak kolektiboko ordezkari bat. Andoni Olariaga filosofoak dinamizatuko du saioa. Ostegunean, euskal esparru komunikatiboaz jardungo dute Mondragon Unibertsitateko Lorea Agirrek, Gara-ko Iñaki Sotok, BERRIAko Iban Arregik eta Teketen.com-eko Gorka Juliok. Hiru saioak Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian izango dira, 19:00etan.
Ostiralean 19:00etan, Martin Ugalde kultur parkean elkartuko dira Orain gurekin ez zauden arren izeneko ekitaldian. Azkenik, omenaldia prestatu dute Zumalabe zenaren oroimenez igande eguerdirako, hilak 13, Larraitzen.
Webgune bat ere prestatu dute, egitarauaren berri emateko: armiarma.com/joxemi/