Benetan hain larria izan zen 1980ko hamarkadan heroinaren kontsumoak eragindako arazoa?
Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistemak garai hartan erabaki zuen droga guztiak, legezkoak zein legez kanpokoak, aintzat hartzea. Erabaki hori aitzindaria izan zen, eta oso garrantzitsua, gure herrian legezko drogek sortzen baitute arazo gehien, alkoholak batez ere. Gaur egun ere hala da. Baina egia da hamarkada hartan opiazeoek sortu zutela osasun sisteman eskaririk handiena. Ez da kasualitatea. Droga hori nerbio sistema zentralaren beheratzailea da; hura krisi garaia zen, oraingoa bezala, eta frogatuta dago horrelako drogak erreferentziazko droga gisa agertzen direla krisi garaietan. Horri lotuta, droga zainetatik eta xiringen bidez kontsumitzeari lotutako gaixotasun kutsagarriak agertu ziren, hiesa batez ere. Ondorioa ikaragarria izan zen, eta zenbait herritan, kostaldeko batzuetan esaterako, belaunaldi oso bat kalteturik suertatu zen.
Beraz, kontsumoa handia zen?
Ez, kontsumoa, ehunekoei begiratuta, ez zen hain handia, baina ondorioak lazgarriak ziren, eta, gainera, jokaera eta ordena publikoko arazo ugari sortzen zituen. Gizartean eragindako arazoak benetakoak ziren.
Nola aldatu da gizartearen pertzepzioa drogak hartzen dituztenen inguruan?
Aldaketa erabatekoa izan da. Hasieran pentsatzen zen kontsumitzailea biziotsu bat zela. Ikuspegi moral bat dago horren atzean. Heroina kontsumitzen zutenek ere biziotsutzat jotzen zuten euren burua. Ordena publikoko arazoak ugaldu zirenean, ikuspegi horri beste bat gehitu zitzaion: kontsumitzailea, biziotsu ez ezik, gaizkile ere bazen. Jakina, biziotsu baten aurrean, erantzuna horren jokabidea moldatu nahi izatea da, eta gaizkile baten aurrean, zigorra, espetxea. Horregatik, lan handia egin genuen ikuspegi hori aldatzeko. Hortik pasatu ginen esatera kontsumitzailea gaixoa dela, sendatzea behar duen eria. Ikuspegi aldaketa horri esker, sekulako aurrerapausoa eman genuen kalteak gutxitzeko politiketan: metadona programak, xiringak trukatzeko programak, kontsumo gelak eta abar.
Eta zein da gaur egungo ikuspegia?
Bilakaera ez da horretan gelditu, eta, azken urteotan, kontsumitzailea gaixo moduan ikusteari utzi eta herritar modura ikusten hasi gara: bere eskura dituen askatasunak baliatuz, droga bat kontsumitzen duen ala ez erabakitzen duen herritarra, kontsumoak dakarren guztia bere gain hartuz. Drogak gure egunerokotasunaren parte dira, gure inguruan daude, eskura ditugu. Atzerritar bat Bilbora etorriko balitz, hilabete gutxiren buruan jakingo luke drogak non erosi. Kontsumitzailea eskubide batzuk dituen herritar gisa ikusteak, ikuspegi aldaketa horrek ahalbidetzen du beste neurri batzuk hartu ahal izatea.
Zergatik gertatu zen hamarkada hartan heroinaren gorakada?
Alde batetik, merkatu mekanismoak dauzkagu. Munduko zenbait alderditan opiazeo kopuru handiak produzitzen zituzten, eta hori banatu eta merkaturatzen zen goraka zetozen herrialdeetan, Espainian esaterako. Beste aldetik, krisi ekonomikoa dugu, edo, hobeto esanda, krisi egoerak, hamarkada hartan krisi bolada bat baino gehiago egon baitzen. Lehen esan dudan moduan, krisi ekonomikoko garaietan nerbio sistema zentralaren beheratzaileak izaten dira erreferentziazko drogak, eta oparotasun aldietan, berriz, droga pizgarriak nagusitzen dira, arrakastari lotuta agertzen diren drogak.
Aditu batzuek diote heroinaren kontsumoak gorakada txiki bat izan duela azken urteotan. Hala da?
Bai, hala da. Heroinaren kontsumoa oso maila kezkagarrian zegoenean, batzuek iragarri zuten kokainaren kontsumoak hurrengo urteetan gora egin zezakeela, eta horrela gertatu zen. Orain, antzeko zerbait pasatzen ari da, baina heroinarekin. Alde batetik, egoera ekonomiko kaskarrak errazten du nerbio sistema zentralaren beheratzaileak diren drogen gorakada, eta, beste aldetik, merkatuaren mekanismo batzuk indarrean jarri dira opiazeoen ekoizle diren zenbait herrialdetan. Horregatik, batzuk kezkatuta gaude, luze gabe heroinaren kontsumoak gora egin dezakeela eta.