Frantziako Poliziak Juan Carlos Iriarte donostiarra atxilotu du gaur goizean Hendaian, ETArekin zerikusirik duelakoan. Baionako polizia etxera eraman dute.
Ikerketako iturriek diote balitekeela Iriarte izatea Mikel Karrera, Arkaitz Agirregabiria eta Maite Aranalde ustezko etakideentzat Baionan etxe bat alokatu zuena. Hirurok maiatzaren 20an atzeman zituzten Baionako etxe batean, eta Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak ETAko arlo militarreko buruzagitzat jo zituen Karrera eta Agirregabiria.
Eñaut Aramendi ere atxilotu zuten maiatzaren 20ko operazioan eta, Guardia Zibilaren ustez, Iriarte izan zen hari esan ziona Karrera-eta autoan hartu eta Baionako etxera eramateko.
Karrera, Agirregabiria, Aranalde eta Aramendi kartzelan sartu zituen Parisko epaileak.
2008ko martxoan Espainiaratu egin zuten Iriarte, ETAko kidea zela egotzita, eta iazko abuztuan atera zen kartzelatik. Aurretik -2007ko urrian-, Hendaian atxilotu zuten, erakunde armatuaren iraultza zerga-rekin lotuta. 1992an ere atzeman zuten, ETAko komando bateko kidea zelakoan, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak libre utzi zuen handik hiru urtera.
Gaurko atxiloketa salatzeko mobilizazioa egingo dute gaur Hendaian, 19:00etan Gaztelu Zaharrean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta.
atxiloketa
Juan Carlos Iriarte atxilotu dute Hendaian, ETArekin zerikusirik duelakoan
Mikel Karrera, Arkaitz Agirregabiria eta Maite Arranalde ustezko etakideentzat Baionan etxe bat alokatu zuena izan daitekeela diote ikerketako iturriek. 2007an ere atzeman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu