Estatutu Berrirako Proposamena
Juan Carlos Rodriguez Ibarra: "Espainiako Kongresuaren baimenik gabe herri galdeketa antolatuz gero, Espainiako Gobernuak Euskadiren autonomia bertan behera utziko luke"
Juan Carlos Rodriguez Ibarra Extremadurako presidenteak =i El Pais =i egunkarian idatzitako artikulu batean azpimarratzen duenez, "Espainiako Kongresuak Ibarretxeren Plana atzera botako balu, eta Ibarretxek bere kabuz herri galdeketa bat antolatuko balu, Gobernuak Euskadik duen autonomia bertan behera utziko luke". Euskal abertzaleek ezin izango dutela Espainiako Konstituzioarekin amaitu gaineratu du Ibarrak. "Euskal Herriko abertzaleak joko arriskutsu batean sartu dira, eta jokoak beti arriskuak ditu. Jokoaren arauak ez errespetatzea erabakitzen badute, ziur galdu egingo dutela".
Estatutu Berrirako Proposamena aurrera eginez gero, Arabak bere bide propioa hartuko lukeela dio Ibarrak. "Ibarretxeren Planak aurrera egingo balu, Araba Euskal Autonomi Erkidegotik banatuko litzateke, PSOEk eta PPk garatuko luketen Autonomia Estatutu bati esker". Alderdi Sozialista Espainiako Konstituziaren aurka doazen ekimenak zapuzten saiatuko dela dio Ibarrak. "Ezin dugu arduragabe batzuek hasi duten bidea jarraitzeagatik azken 26 urtetan egindako lana atzera bota. Euskadiko Parlamentuak hartu duen erabakia irtenbiderik gabe tunel batera darama euskal gizartea". Katalunian Estatutu berri baten aldeko jarrera hartu du PSCk. Hala ere, Espainiako batasuna dela muga dio Ibarrak. "PSOE ez dago hainbat lurraldeetan Autonomia Estatutu berriak sinatzearen aurka, baina argi eta garbi izan behar dugu Espainiaren batasuna ezin dela zalantzan jarri. Espainiaren subiranotasuna espainiarrei dagokie, eta ez dugu espainiarren subiranotasuna zalantzan jartzen duen inolako egitasmorik onartuko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu