Euskaldunon Egunkariaren itxiera
Juan del Olmo epaileak 'Egunkaria' kasuko sumarioa sekretupetik ateratzea ebatzi du orri bakarrean eman duen autoaren bidez
Espainiako Auzitegi Nazionaleko iturriek gaur goizean jakinarazi die 'Egunkaria'-ko ordezkari legalei 'Egunkaria kasuko' sumarioa sekretupetik ateratzea erabaki duela Juan del Olmo epaileak, eta orain dela minutu gutxi jaso dute abokatuek hori baieztatzen duen orri bateko autoa. Sumarioa 2001eko ekainetik zegoen sekretupean. Behin sekretua altxatuta abokatuek aukera izango dute sumarioan kontsulta egiteko, eta horrek defentsa antolatzen lagunduko die. 'Euskaldunon Egunkaria' itxi eta gero, hilabetero-hilabetero aritu da Del Olmo epailea sumarioa luzatzen. Webgune honetako 'Gure gaia' atalean topa ditzakezu azken polizia operazioari buruzko albiste guztiak.
Orrialde eskas bateko autoa plazaratu du Juan del Olmo epaileak 'Egunkaria' auziko sumarioa sekretupetik altxatzen duela baieztatzeko. Epailearen autoak dioenez, urriaren 21ean amaitu ziren auzi honetako ekinbide judizialak, eta ikuspuntu juridiko eta prozesaletik sekretupea mantentzeko arrazoirik sumatzen ez zuenez altxatu du sumarioa. Ebazpen honi helegitea jartzeko hiru eguneko epea dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu