Politika

Juan Jose Rego presoa ospitaleratu zuten, garuneko isuriagatik

Etxerat-ek jakinarazi duenez, otsailaren 23an gertatu zen, eta lau egunez egon zen Donostia ospitalean.

Regoren aldeko mobilizazio bat, Donostian, 2008an, aske uzteko eskatuz. BERRIA
Maialen Unanue
2014ko martxoaren 7a
10:56
Entzun

Etxerat-ek jakinarazi duenez, Juan Jose Rego Vidal presoak iktus bat izan zuen otsailaren 23an, eta Donostia ospitalera eraman zuten. Bertan egon zen lau egunez. Donostiako presoak 75 urte ditu, eta bi urte eta erdi daramatza zigorra etxean betetzen, pairatzen duen gaixotasuna dela eta. Medikuek agindu diote erabateko atsedenaldia hartzeko. 

2012an atera zen Rego espetxetik, zigorra etxean betetzeko. Haren kasua "bereziki larria" da: soilik 10:00etatik 15:00etara artean atera daiteke etxetik, asteartero sinatzera joan behar du Martuteneko kartzelara eta hankan daraman gailua gainbegiratzen diote aldiro.

Iparragirre, atxilotuta

Etxerat-ek baieztatu du Ibon Iparragirreren atxiloketa. Ertzaintzak Gizaburuagan (Bizkaia) atxilotu du, etxean. 2011z geroztik, etxean ari zen betetzen zigorra, gaixotasunagatik. Atzo joan zen sinatzera, eta gaur atxilotu egin du Ertzaintzak. Naiz agerkari digitalak argitaratu duenez, Ondarroako Ertzaintzaren komisariara eraman dute, senideen ustez. Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean Iparragirreri berari eta Asier Badiolari ezarritako kartzela zigorra berretsi zuen, eta horren berri emateko atxilotu dutela uste dute. 

Hainbat baldintzaren pean, Espetxeetako Zaintzak zigorra etxean betetzeko baimena eman zion Ibon Iparragirre presoari. Etengabe zaintzapean izateko gailu elektronikoa jarri zioten, etxetik ateratzeko debekua zuen —tratamendua jasotzeko ez bazen—, hamabost egunean behin Basauriko espetxean aurkeztu behar zuen, eta ezin zuen inolako mobilizaziotan parte hartu. Horiek guztiak onartu zituen Iparragirrek zigorra etxean bete ahal izateko, pairatzen duen gaixotasuna dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.