Munduko 5.712 udaletako ordezkariek osatzen dute Bakearen aldeko Alkateen Sarea, eta 48 alkatek bat egin dute sarearekin abuztuaren 1az geroztik. Gaurtik asteartera egingo dute biltzarra Hiroshiman, Japonian.
11:00etan ekin diote bilkurari, Hiroshimako eta Nagasakiko bonbaketen biktimei lore sortak eskainiz. Bertan, Nazio Batuen Erakundearen izenean Ban Ki Moon-ek gaitzetsi egin ditu arma nuklearrak eta haiekin bukatzeko aldarria egin du.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea kongresu horretan da, eta hizlari ariko da. Bihar hartuko du hitza, tokiko politiken eta ekimenen alorrean, 13:45ean (Euskal Herrian 6:45). Hitzaldi horretaz, jakinarazi du: “Iragarpen bat egingo dut bertan, Donostiarentzat eta Euskal Herriarentzat garrantzitsua izatea nahiko nukeena. Hau baino leku sinbolikoagorik ez dago esan behar dudana esateko”.
Donostiaz gain, sarearen kide dira Gernikako, Abantoko eta Muskizeko alkateak.