udal ETA FORU HAUTESKUNDEen ondorena

Juan Karlos Izagirrek utzi egingo du Donostiako Udala

Ez da EH Bilduren zinegotzia izango oposizioan; medikuntzara itzuliko da. Ricardo Burutaranek hartuko du Izagirreren tokia.

Juan Karlos Izagirre gaur goizean, bere lan taldearekin. ARGAZKI PRESS
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko ekainaren 4a
07:35
Entzun

"Entzun dut herritarrek esan dutena; beste aukera batzuen alde egin dute", adierazi du Juan Karlos Izagirrek Donostiako Udala utzi egingo duela jakinarazteko agerraldian. "Ez dago aitzakiarik; EH Bilduren proiektua beste pertsona batzuen esku uzteko garaia da", gaineratu du. Ricardo Burutaranek hartuko du Izagirreren tokia.

Ez du hartuko Donostiako zinegotzi kargua, baina politikan jarraituko duela zehaztu du: "Oinarrizko militante izango naiz EH Bildun. Nire ekarpena hobea izango da hala”. Bere betiko profesiora itzuliko dela ere iragarri du: medikuntzara.

Lantaldeari esker onak eman dizkio azken lau urteotan eginiko lanaregatik, eta egungo Donostia eurak sartu zirenean baino hiri "hobea" dela azpimarratu du. Gardentasunez gobernatu dutela nabarmendu du, ez hauteskunde interesez.

Joan den maiatzaren 24ko hauteskundeen emaitzen ostean, hirugarren indarra da EH Bildu Donostian. Emaitzen balorazioa egiteko prentsaurrekoan, dimisioa emango ote zuen galdetuta, Juan Karlos Izagirrek adierazi zuen "garrantzitsuena" proiektua zela, "ez Izagirrek zer egingo duen": "Erakutsi dugu beste eredu bateko Donostia posible dela", gaineratu zuen.

EAJ lehen indarra

Donostian EAJren zerrenda nagusitu zen azken hauteskundeetan, 29.029 boto eskuratuta (botoen %29,65). PSE-EE izan zen bigarren indarra hiriburuan, 24.007 botorekin (%24,52), eta hirugarren indarra da EH Bildu; aurreko hauteskundeetan Bilduren zerrendak baino mila boto pasatxo gutxiago jaso baditu ere, portzentualki lau puntu inguru gutxiagoko babesa lortu du —21.110 boto lortu zituen 2011n, eta 20.467 boto orain; hala, %24,96tik %20,91ra—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.