Juan Luis Ibarra: «Amaiur talde gabe uztea pluraltasunaren kontra doa»

Soraya Saez de Santamariak berretsi du Mariano Raxoik ez duela Amaiurrekin biltzeko asmorik

Erredakzioa
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuan Amaiur talde propiorik gabe uztea «pluraltasun politikoaren» kontrakoa dela uste du Juan Luis Ibarrak, EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak. Ibarraren hitzetan, Kongresuko Mahaiaren «barne erabakia» da hori, baina «pluraltasun politikoa eta bermeak» kolokan jartzen ditu hartutako erabakiak.

Amaiurreko parlamentariek jakinarazi dutenez, hurrengo egunetan Auzitegi Konstituzionalera joko dute talde propioa ukatzeko erabakiaren aurka egiteko. Hala ere, Sabino Cuadra diputatuaren arabera, Espainiako Kongresuan parlamentu taldea izatea ez da helburu bat haientzat, «bitarteko bat baizik». Cuadrak nabarmendu du Amaiurren helburu nagusia dela botoa eman dieten 330.000 herritarren eta euskal gizartearen gehiengo handi baten nahiak ordezkaritza izatea Kongresuan, eta ahots propioa izatea. «Zangotraben gainetik, gure helburu hori aurrera eramango dugu».

EAEko Auzitegi Nagusiko presidentearen hitzetan, zuzena da Amaiurrek Konstituzionalera jotzea:«Planteatzen ari dena erabat konstituzionala da, talde parlamentarioa izan ezin duenaren funtzionamenduari eragiten baitio». Amaiurrek arrazonamendu egokiak aurkeztu dituela adierazi du, eta, Auzitegi Konstituzionalak erabakia «agudo» hartuko duen esperantza plazaratu du.

Bileretan ere ez

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak adierazi duenez, talde guztiekin harremanak izatea da PPren asmoa, «oposizioarekin ere akordioak egitea ona baita». Hala ere, Raxoi ez dela Amaiurrekin bilduko berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.