EAEko Ahal Dugu-ren ildo kritiko Kaliangorak Juan Luis Uria medikua proposatuko du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako alderdiaren lehendakarigai izateko, nahiz eta aitortu duen erabakia oraindik ez dela "ofiziala". Osalde osasun publikoaren aldeko elkarteko presidentea da Uria. EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritza hautatzeko azkeneko bozetan bigarren geratu zen Kaliangora; Nagua Albaren-eta taldea nagusitu zen.
Kaliangora ildoko iturriek Europa Press berri agentziari esandakoaren arabera, Uria proposatzeko erabakia "irmoa" da Gipuzkoako taldean, eta orain Bizkaikoaren atxikimendua lortzea espero dute; "baliteke igande honetan izatea hori; aukera asko daude horretarako".
Ahal Dugu-ko kritikoek indarrak batzeko batzarra egin zuten joan den larunbatean, Zarautzen. EAEko udazkeneko bozetarako hautagaitza bateratu bat eskatu zuten, baina zuzendaritzak baztertu egin du aukera.
Ahal Dugu-k asteon jakinarazi du primarioetarako egutegia. Uztailaren 22 eta 24 artean norbanakoek izena emateko aukera egongo da, eta 25ean, zerrendak aurkeztu ahalko dira. Hilaren 27tik 31ra barne hauteskundeen kanpaina egingo dute, 29tik 31ra artean bozketa, eta zuzendaritzak abuztuaren 1ean emango du emaitzen berri; tartean, lehendakarigaiarena.
Erkidegoko zuzendaritza saiatu da aurreko asteetan lehendakarigai bat lotzen, gero haren izena primarioetara eramateko, baina ezezkoak jaso ditu: Garbiñe Biurrun epailearena eta Iñigo Lamarca EAEko ararteko ohiarena.