Zer iruditzen zaizu Guardia Zibilaren txostenarekin gertatu dena?
Filtrazioak momentu konkretu batzuetan sortzen dira, eta, kasu honetan, Parot doktrinari buruzko Estrasburgoren epaia dela eta, momentu oso egokia da halakoak filtratzeko. Eta, beste alde batetik, euskararekiko gorroto edo amorru historikoa aldiro irteten da, eta, zoritxarrez, gizarte honetan horrelako piloa ezagutu dugu.
Euskararekin obsesioa dute.
Albistea atera zenean, La Razón, El Mundo eta halako tokietako irakurleen iritziak irakurri nituen, eta batek hala zioen: "Se debe estudiar en castellano, no en ningun dialecto, y eso va para todas las regiones que tengan un dialecto" [Gazteleraz ikasi behar da, eta ez dialekto batean, eta hori dialekto bat duten erregio guztiei dagokie]. Honek ez dauka zerikusirik ETArekin, euskararen kontra da. Gero, noski, dena da ETA. Doktrina hori aspalditik ari gara pairatzen, ezagutzen dugu. Hedabideetan, eskoletan... dena ETA da.
Ideologia horiek terrorismoarekin identifikatzen dute abertzaletasuna, eta hurrengo pausoa da euskara ere terrorismoarekin lotzea.
Hori da. Baina holakoak ikusi ditugu; ni akordatzen naiz [Fernando] Savaterrek eta beste batzuek nola esaten zuten ez zutela euskaraz egiten terroristen hizkuntza zelako. Ez da gauza berria; momentu konkretu batean atera egin behar da, eta atera egiten da. Kasu honetan, gainera, nahiko sistema sofistikatua erabili dute. Inkesta polizial moduan, ez da Intereconomiako iritzi bat edo La Razón-eko periodista erotu batek esandako tontokeria. Guardia Zibila sartu dute, ikerketa egin dute teorikoki. Momentu honetan Barcinaren gobernua oso ahul dago politikoki, eta ikusten du sozialki ez soilik abertzaletasuna, hizkuntza eta gizarte mugimenduak, hazten ari direla, sendotzen. Eta urduri daude horrekin. Ildo horretan, Guardia Zibilaren txosten horren ekimena norena izan da? Gobernuak enkargatu du? Galdera inportante bat da hori.
Esana duzu nabarrismoaren esentzia dela abertzaletasunarekiko eta euskararekiko kontrakotasuna.
Baina historikoki ez da horrela izan. Historikoki nabarrismoaren hasieran, 36ko gerraren aurretik, baita gerraren ondoren ere, neurri batean baskista zen, eta hor badaude Garcilaso bezalako pertsonaje batzuk eta beste hainbeste, nabarrista amorratuak, eskuindar amorratuak, baina neurri batean baskistak edo behintzat ez euskararen kontrakoak. Eta horren adibide pila atera daiteke. Gero, 1982tik aurrera, nabarrismoaren etsairik handienak, mamu beltzak, euskaltasuna eta abertzaletasuna dira.
Batzuk kontrariorik gabe ezin dira bizi, ezta?
Hala da, baina, dena den, ondradua izan behar duzu, bizitzan, baita politikan ere. Eta gauza bat da kontrarioak izatea eta beste bat hura erabat demonizatzea edo kriminalizatzea.
Esana duzu euskaltasunari kontra egitea dela egun nabarrismoaren izateko arrazoia, bere ideologiaren esentzia. Zenbaterainokoa da horren eragina beste alderdi batzuetan?
Momentu honetan egoera politikoa oso bitxia da Nafarroan. Orain dela gutxi arte nabarrismoaren diskurtsoak izugarrizko eragina izan du beste alderdi politikoetan, bai PSOEn baita beste batzuetan. Une honetan ez, une honetan Nafarroako Parlamentuan beste guztiak kontra dituzte UPNk eta PPk, eta nahiz eta besteek ideologikoki aspektu batzuk partekatu, politikoki kontra agertzen dira. Hortik PSNk egun erakusten dituen inkoherentziak. Parlamentuan gauza batzuk esaten ditu, eta gero, bere ideologia, kontrakoa ez, baina ezberdina da. Baina hori koiuntura da. Ikusiko da nora aldatzen diren gauzak hauteskundeen ondoren. Argi dago Nafarroan indar korrelazioa aldatzen ari dela, Euskal Herri osoan, baina Nafarroan batez ere, eta horrelakoak hor sortzen diren erantzun batzuk dira.
Espainian ondo saltzen da hau guztia.
Primeran saltzen da. Kanpaina hau azaleko albistea izan da eskuineko komunikabideetan. Bueno, niri medikuak debekatu dit gauza batzuk ikustea... Hala ere, nire iritziz, eta burutapen erabat pertsonala da, gero eta gutxiago gertatzen ari da hori. Orain dela bi urtera arte oso ondo saltzen ziren gauza hauek, baina orain, Espainian toki askotan jendea askoz kritikoagoa da; aspertuta daude gai honekin, eta istorio hauek bukatzea nahi dute.
Hala esan zuen Yolanda Barcinak duela egun gutxi: «Euskararen kontra ari garela leporatuko digute, baina, hain zuzen, eurek egiten diote min gehien euskarari, euren interes politikoen arabera manipulatuz».
Interpretazio zentzugabea da hori; zeintzuk egiten diote mina euskarari? Hura debekatzen, jazartzen, zonifikatzen, diru laguntzarik gabe uzten dutenek, horiek.
D eredua Nafarroan
Juan Madariaga Orbea: "Euskararekiko gorroto edo amorru historikoa aldiro irteten da"
Nabarrismoaren ideologiaren esentzia abertzaletasunari kontra egitea dela esana du NUPeko historia irakasle Juan Madariagak (Madril, 1949). Eta euskara indar pixka bat hartzen hasi zenetik datorrela hizkuntzaren kriminalizazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu