Atzo hamabost urte hil zuen ETAk tiroz Gipuzkoako gobernadore zibil ohi Juan Mari Jauregi. Haren omenez, lore eskaintza egin zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bertan izan dira, besteak beste, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia, Markel Olano ahaldun nagusia, Iñaki Arriola PSEko Gipuzkoako idazkari nagusia eta Xabier Olano EH Bilduren eleduna Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Maixabel Lasa alargunak hitz gogorrak izan zituen ezker abertzalearentzat; autokritika egiteko eskatu zion, bere ustez "erantzukizun handia" baitu. ETAren atentatuak "babestu, defendatu eta txalotu" egin zituela esan zuen, eta "helburuei buruzko aginduak ere" eman zituela.
Eguerdiko hamabietan, berriz, jaioterrian egin zioten omenaldia familiako kide, lagun eta herritarrek. Jauregi gogoan izateaz gain, lore eskaintza egin zioten haren omenezko eskulturan. Ekitaldian izan ziren Legorretako Udaleko bi alderdiak, EH Bildu eta EAJ.