Literatura

Juan Mari Lekuona poeta handia hil da

Juan Mari Lekuona (Oiartzun, 1927) zendu da bart. Euskal literaturan, batik bat, poesiagintzan, arrasto sakona utzi du Lekuonaren obrak, eta ahozko tradizioan oinarritutako bertsogintzarekin ere harreman handia izan du. 1966an kaleratu zuen lehen poema liburua, =i Mindura gaur =i, eta 2000.ean, Susa argitaletxearen =i XX. mendeko poesia kaieretan=i argitaratu zen haren izeneko azkena. Euskaltzain osoa eta apaiza ere bazen. Oiartzungo (Gipuzkoa) Kultur Etxean jarri dute hil kapera, eta hiletak bihar arratsaldeko zazpietan egingo dituzte San Esteban parrokian.

2005eko abenduaren 5a
17:03
Entzun
Baina poesiaz gain beste zenbait genero ere landu ditu: hala nola,biografia eta saiakera. Hain justu, saiakeraren arloan ahozko tradizioari buruz, bertsolaritzaren inguruan, ikertu zuen. Oiartzun jaioterriko kantuen bilduma bat ere osatu zuen.

1927ko azaroaren 11n jaio zen Lekuona, Oiartzunen (Gipuzkoa). ManueL Lekuona apaiz, euskaltzain eta ikerlariaren iloba, harengandik jaso zuen kulturarenganako grina. Apaiz egin zen bera ere, euskaltzain ere hautatu zuten, eta Deustuko Unibertsitateko irakasle jardun zuen hainbat urtez.

16 urte zituela agertu bide zion Manuel osabari olerkigintzarako zaletasuna. Hain justu, osabak bidalitako liburuei esker lortu zuen XIX. eta XX. mendeko poeta handienen ezagutza. Azken urteak gaixo egin ditu, bart goizaldeko ordubiak aldera zendu den arte.

Zehazki, 1953an Erromara joan zen Teologia Espirituala ikastera, eta urte berean euskaltzain urgazle izendatu zuten. 1987an hautatu zuten euskaltzain oso, osaba Manuel Lekuonak hutsik utzitako lekua betetzeko. Hain justu, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkari izan zen hainbat urtez, eta Literatura batzordean lan handia egin zuen.

Idazle gisa poesian nabarmendu zen: Ilargiaren Eskolan lanarekin Euskadi Saria irabazi zuen 1979an, eta sari bera 1990ean Mimodramak eta ikonoak obrarekin.

Oiartzungo Kultur Etxean jarri dute hil kapera, eta hiletak bihar egingo dituzte, arratsaldeko zazpietan, Oiartzungo San Esteban elizan.

BIBLIOGRAFIA:

Poesia:

Mindura gaur

1966, Apaiztegia

Muga beroak

1973, Gero

Ilargiaren eskolan

1979, Erein

Mimodramak eta ikonoak

1990, Erein

Ibilaldia. Itinerario

1996, EHU-UPV

XX. mendeko poesia kaierak - Juan Mari Lekuona

2000, Susa

Saiakera:

Ahozko euskal literatura

1982, Erein

Ikaskuntzak Euskal Literaturaz (1974-1996)

1998, Deustuko Unibertsitatea

Biografia:

Manuel Lekuona (1894-1987)

1988, Eusko Jaurlaritza

Manuel Lekuona Etxabeguren

1995, Eusko Ikaskuntza

Kantuak:

Oiartzungo kantutegia

1999, Oiartzungo Udala

Antologia:

1685eko Kopla Zaharrak

1992, Eibarko Udala

LOTURAK

Armiarma, literaturaren sarean

Klasikoak

Gipuzkoa Kultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.