Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak iragarri ostean ez dela UPNren zerrendaburu izango 2015eko foru hauteskundeetarako, hura ordezkatzeko hautagaia nor izango den aukeratzeko lanak ditu orain UPNk. Jose Javier Esparza izan da lehen fitxa mugitu duena, eta Juan Ramon Rabade izan daiteke hurrengoa; azaldu duenez, "%80an edo 90ean" du erabakia hautagaitza aurkeztea.
Tuterako erietxeko zuzendaria eta UPNko Bermeen Batzordeko presidentea da Rabade. Azaldu du ez duela "ehuneko ehunean" erabaki, baina aukera "aztertzen" ari dela. Horren berri eman die jada Barcinari, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiari eta Esparzari. Barcinak adierazi dio "neutraltasunez" jokatuko duela, eta Sanzek, berriz, "zorte ona" opa dio, Rabadek esan duenez.
Esparza "hautagai bikaina" dela uste du Rabadek, baina gaineratu du bera ere prest dagoela "alderdiaren esanetara" jartzeko, 30 urtez "alderdiarekiko, Miguel Sanzekiko eta Yolanda Barcinarekiko leialtasun apurtezina" ezaldu ondoren.