kazetaritza

Juan Varela: "Kazetariak eta hedabideak sare sozial bilakatu behar dugu"

'Kazetaritza eta hedabideak berriz asmatzen' zikloko lehen hitzaldian, sare sozialen boterea nabarmendu du Juan Varela kazetariak, Andoainen. Maiatzaren 8an Pablo Manciniren txanda izango da eta maiatzaren 24an Vicent Partalena. BERRIA Fundazioak eta Innobasquek antolatu dute hitzaldi sorta.

2012ko apirilaren 26a
17:30
Entzun

Juan Varelak (periodistas21.blogspot.com) sare sozialen boterea azpimarratu du, "sare sozialak geroz eta gehiago dira arreta motorrak, bideratu egiten dute arreta hori". "Kazetariak eta hedabideak sare sozial bilakatu behar dugu", esan du kazetariak.

Testuinguruaren araberako komunikabideak: Garai zailetan informazio hartzaileei laguntzeko kazetaritza. hitzaldia eman du gaur Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Kazetaritza eta hedabideak berriz asmatzen zikloko lehen hitzaldia izan da. 

Varelaren esanetan, "informazioa garestia, urria eta alde bakarrekoa izatetik merkea, ugaria eta parte hartzailea izatera pasatu da; bizi egiten da". 'Mugikortasun' hitza erabili du egungo egoera definitu nahian. "Mugikortasunak agintzen du gaur egun, hori da gakoa, eta web tradizionala desagertuko da". Kazetariaren arabera, eskaerak agintzen du egun, ez eskaintzak; eta nabarmendu du erabiltzaileak aurkitzen dituela edukiak, bilatuz. 

Smartphonek ekarri duten eraldaketa izugarria izan da, Varelaren ustez; izan ere, smartphonekin eta tabletekin areagotu egin da eduki digitaletarako migrazioa; "jendeak ez du jada bereizten egunkari bat irakurtzen duenean papera edo webgunea irakurtzen duen". Eta badirudi teknologia berriek ez dutela xarma galdu: "Ukipen pantailarekin edukiak ukitu egin daitezke, garai batean tinta usain zitekeen bezala". 

Hala ere, aplikazioekin markak garrantzia hartu du berriro, Varelaren esanetan, "jendea eduki jakin batzuetara sartzen da nabigatu beharrean". Eta telebistak erraldoi izaten jarraitzen du; "prime-time indarra galtzen ari da baina sare sozialetan telebistaz hitz egiten da gehien", esan du kazetariak. 

Beste bi hitzaldiak

BERRIA Fundazioak eta Innobasquek Kazetaritza eta hedabideak berriz asmatzen hitzaldi zikloa antolatu dute, elkarlanean, eta maiatzaren 24ra bitartean beste bi hitzaldi gehiago izango dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko departamenduak ere lagundu du zikloa antolatzen.

- Maiatzak 8 (asteartea). Hizlari: Pablo Mancini (pablomancini.net). Gaia: Kazetaritza hackeatzen. Komunikabide banatuak eta hartzaileei begirako berrikuntza. 11:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean.

- Maiatzak 24 (osteguna). Hizlari: Vicent Partal (vilaweb.cat). Gaia: Komunitatea eta parte hartzea: egunkaria eta prentsa berriz asmatzen. 11:00etan, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.