Pablo Gorostiaga Herrera de La Manchako (Espainia) espetxean dago preso, eta 71 urte ditu. 18/98 sumarioan zigortu zuten, Egin egunkariarekiko lotura zuela eta. Bederazi urteko espetxe zigorra ezarri zioten.
Judith Uriarte, haren bikotekidea, gaixo zegoen, eta ezin zuen espetxerainoko bidea egin. Urtebete baino gehiago zeramaten elkar ikusi gabe. Ostegunean Espainiako Estatuko Espetxeetako Zuzendaritzak eman zion Gorostiagari bikotekideari bisitan joateko baimena, baina presoa Euskal Herriratu baino lehen hil da Uriarte. Etxerat-ek jakitera eman duenez, Gorostiaga atzo atera zuten Herrerako espetxetik, eta momentu honetan Ocañakoan dago.
Laudion ezaguna zen Uriarte, hainbat ekimenetan hartu baitzuen parte.
Etxerat-ek salatu duenez, Espetxeetako Zuzendaritzak “beste behin” erakutsi du euskal presoekiko eta beraien senideekiko “krudelkeria eta ankerkeria”, “doako sufrimendua gehituz, berez oso mingarriak diren egoerei”. Era berean, euskal presoen eskubideen alde Uriartek egindako “lan nekaezina” gogoratu du, eta babesa agertu dio bere familiari.