erabakitzeko eskubidea

Judizializazioaren aurrean, Gure Esku Dago-k elkartasuna agertu dio Kataluniako herriari

Bihar, mobilizazioak egitekoak dira Katalunian, ANCk, Omniumek eta AMIk deituta, Per la democracia. Defensem les nostres institucions lelopean. Bezperan, "herritarren borondatea demokratikoki adieraztea helburu duten hautetsontzien aurkako judizializazioa eta kriminalizazioa" salatu ditu Gure Esku Dago-k.

Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ko kidea (ezkerrean), ANCko presidente Jordi Sanchezekin Bartzelonan, aurtengo Diadako mobilizazioan.
2016ko azaroaren 12a
10:13
Entzun

Auzitegiek hiru bidetatik abiatu dituzte Kataluniako politikarien aurkako auziak: batetik, azaroaren 9ko galdeketari lotuta, Artur Mas eta hiru kontseilariren kontrako auzia dago; bigarrenik, burujabetzarako bide orriari buruzko eztabaida baimentzeagatik, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen kontrako auzia dago; eta, hirugarrenik, hainbat herritako hautetsien kontra abiatutakoak daude, izan estelada ez kentzeagatik edo izan beste arrazoi batzuengatik.

Hori salatzeko, mobilizazioak egitekotan dira bihar Katalunian, eta, bezperan, elkartasun mezua zabaldu du Gure Esku Dago-k. "Jazarritako ekintzak" erabat demokratikoak direla azpimarratu du, eta "herritarren borondatea demokratikoki adieraztea helburu duten hautetsontzien aurkako judizializazio eta kriminalizazio saiakera" salatu du.

Kataluniarekin konplizitatea eraiki nahi du Gure Esku Dago-k. "Euskal Herria eta Katalunia bakoitza bere bidea egiten ari da, baina biak norabide berean, geltoki berera iristeko helburuarekin: etorkizuna libreki erabakitzea. Eta, horregatik, pentsatzen dugu une ezin hobea dela loturak estutzeko eta konplizitateak gehitzeko". Aurtengo Diadan erabakitzeko eskubidearen aldeko euskal dinamikako ordezkariak Bartzelonako mobilizazioan izan ziren; "elkartasun keinu bat izan zen Kataluniako herritarrekiko eta Kataluniako prozesu demokratikoari babesa agertzeko".

Gure Esku Dago-k esan du du lanean jarraituko duela "borondateak josten", erabakitzeko eskubidea gauzatzea ahalbidetuko duten adostasunetan sakontzen eta herrietan galdeketak sustatzen, "hori delako bidea herritarrak ahalduntzeko eta erabakitzeko eskubidearen ariketa eredugarriak bideratzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.