Hauek dira 161 ustezko gerra-kriminalen zerrendan gehien nabarmendu direnak:
Slobodan Milosevic: Serbia eta Jugoslaviako presidente ohia. 2001eko apirilan atxilotu zuten eta ekainean Hagara estraditatu zuten. Gaixotasun baten ondorioz hil zen 2006an bere zeldan, bere aurkako epaiketa garatzen zen bitartean.
Vojislav Seself: Serbiako Alderdi Erradikaleko presidentea. 2003ko otsailean bere burua entregatu zuen. Zortzi kargu leporatzen dizkiote Bosnia eta Kroaziako gerretan egin zituen gerra-krimen eta gizateriaren aurkako krimenak direla eta. Bere burua defendatzen du bere aurkako epaiketan; oraindik ez da amaitu.
Ante Gotovina: Kroaziako general ohia. Tenerifen (Kanariar uharteak, Espainia) atxilotu zuten 2005eko abenduan eta Hagara estraditatu zuten handik gutxira. 2011ko apirilean 24 urtetako kartzela zigorra ezarri zioten Kroaziako Krajina eskualdearen birkonkistatzean serbiar zibilen aurka burututako gerra-krimenengatik.
Radovan Karadzic: Bosniako serbiarren buruzagi politiko ohia. 2008eko uztailaren 21ean atxilotu zuten Belgradon, medikuntza alternatiboan lan egiten zuen identitate berri batekin. Hagara estraditatu zuten uztailaren 30ean. Bosniako gerran egindako gerra-krimen eta genozidioagatik epaitzen ari dira oraindik ere.
Ratko Mladic: Serbiako armadako jeneral ohi bosniarra. 2011ko maiatzaren 26an atxilotu zuten Belgrado iparraldean. Lazarevo herrixkan bizi zen, lehengusu baten etxean ezkutatuta. Hagara estraditatu zuten, Bosniako gerran egindako gerra-krimen eta genozidioagatik epaitzen ari dira oraidik ere.
Radislav Krstic: Bosniako serbiarren indar armatuetako jeneral ohia. 1998ko abenduan atxilotu zuten nazioarteko SFOR indarrek eta Hagara estraditatu zuten. 35 urtetako kartzela zigorra ezarri zioten Srebrenicako genozidioagatik.
Milan Lukic: Bosniako serbiarren indar paramilitarretako buruzagia. Buenos Airesen (Argentina) atxilotu zuten 2005eko abuztuan eta Hagara estraditatu zuten 2006ko otsailean. Bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten Bosnia ekialdean musulman zibilen aurka egindako gerra-krimengatik.
Ramush Haradinaj: Kosovoko lehen minitro ohia. Bere burua entregatu zuen 2005ean Kosovoko lehen ministro zela, Kosovo oraindik Serbiako probintzia zenean. 1999an Kosovoko herritar serbiarren aurka gerra-krimenak egitea leporatu zioten. 2008ko apirilean absolbitu egin zuten baina 2010eko uztailean Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak epaiketa errepikatzeko agidu zuen.
Vlastimir Djordjevic: Serbiako Segurtasun Publikoko buruzagi ohia. 2007ko ekainean atxilotu zuten Budvan (Montenegro) eta Hagara estraditatu zuten. 2011ko otsailean 27 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Kosovon egindako gerra-krimenengatik.