Joan den astean ospitaleratu zuten Madina, eta zainketa berezian izan dute ordutik. Olatu kolpe batek lurrerantz bota zuen ostegunean, eta hondarraren kontra buruan jotako kolpeak eragin zion lesioa. Hiru lagunek uretan buruz behera zegoela aurkitu eta atera egin zuten.
Haren senideek eman dute heriotzaren berri, eta eskerrak eman dizkiete osasun langileei eta babesa erakutsi dieten guztiei. 61 urte zituen. Lau hamarkadatan egin zuen korrika Iruñeko entzierroetan, eta oso ezaguna izan zen. Aditutzat hartua izan zen, eta kritikatua ere izan zen, horregatik hain zuzen. Tuterako entzierroetan ere ohikoa zen.
2004. urtean, ordea, zezen batek harrapatu egin zuen Iruñean, eta bost adarkada eman zizkion zezen-plazarako sarreran. 2011. urtean Iruñean korritzeari utziko zuela iragarri zuen. Ez, ordea, Tuteran. Hain justu, aurten Erriberako hiriburuko santanatan berriro harrapatu zuen zezen batek, uztailaren 25ean, baina ez zion lesio larririk eragin.
Hernanin (Gipuzkoa) jaioa zen, eta, entzierroetan korrika egiteaz gain, ETB2ko kolaboratzaile izateagatik ere ezagun zen Madina. Azken urteetan ETB2ko El conquistador del fin del mundo saioan iritzia ematen parte hartu izan zuen.