azpiegiturak

Julio Villanueva, Gorka Ovejero eta Ibon Garcia behin-behinean aske utzi dituzte, bermerik gabe

Yolanda Barcinari tartak bota zizkiotenek gaur deklaratu dute Auzitegi Nazionalean. Santiago Pedraz epaileak auzibide garairako baldintza batzuk jarri dizkie. Agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen diete. 'Ez dago tartarik aurpegi latz horretarako' lelopean kontzentrazioa egin dute auzitegiaren aurrean.

2011ko azaroaren 16a
19:07
Entzun

Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Julio Villanueva, Gorka Ovejero eta Ibon Garcia Mugitu!-ko behin-behinean aske utzi ditu gaur, eta bermerik gabe. Urriaren 27an Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariari aurpegira tartak bota zizkioten Tolosan (Okzitania), abiadura handiko trenaren egitasmoa salatzeko.

Pedraz hasiera batean Iruñeko epaitegi batean zen deklarazioa hartzekoa hirurei, baina azkenean Auzitegi Nazionalera joan behar izan dute. Agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen diete —sei urte arteko kartzela zigorra jaso dezakete—.

Epaileak baldintza batzuk jarri dizkie auzibide garairako: astelehenero etxetik gertuen duten auzitegira joan beharko dute, epaileen baimenik gabe ezingo dira Espainiako Estatutik atera, edota egun euren etxea eta telefono zenbakia zein diren jakinarazi beharko dute.

Babes ekimenak

Mugitu! AHTaren aurkako taldeko kideak dira, eta azken egunetan hainbat talde eta alderdiren babesa jaso dute. Gaur Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean Ez dago tartarik aurpegi latz horretarako lelopean kontzentrazioa egin dute. Atzo Libertat! Okzitaniako erakundeak auzibidea salatu zuen Clermont Ferrand-en; 30 bat lagun bildu ziren Mugitu!-rekin elkartasuna pankartaren atzean. Aste bukaeran Euskal Herriko hainbat herri eta hirietan bilkurak egin ziren; besteak beste, Iruñean, Bilbon, Donostian, Lizarran, Etxarri-Aranatzen, Basaurin, Galdakaon eta Lezon.

Barcinak esan du "justizia egitea" espero zuela

Pirinioetako Lan Taldearen bilera batean egin zuten Villanueva, Ovejero eta Garciak ekintza, eta Iruñean atxilotu zituzten, hurrengo egunean. Haien aurkako auzibidea hasi ostean, aske utzi zituzten hainbat baldintzarekin. Nafarroako Foruzaingoaren salaketa bat jaso zuen Pedrazek auzibidea abiatzeko. Azaroaren 2an Barcinak deklaratu zuen Pedrazen aurrean, eta esan zuen tartek (hiru izan ziren) min egin ziotela, "Frantziako merengearen gogortasuna dela eta".

Barcinak gaur goizean gaineratu du "justizia egitea" espero zuela: "Epaiketa batean beti espero da justizia egitea, eta nik gaur espero du Auzitegi Nazionalak agintaritzaren aurkako eraso horren aurrean justizia egitea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.