Justizia Auzitegi Nagusiak Osakidetzari agindu dio osagileei babes materiala emateko «berehala»

ELAk aurkeztutako helegite bati arrazoia eman dio. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, diagnostikatutakoen artean, bostetik bat dira osasun arloko langileak.

Osagileak, apirilaren 1eko iluntzean, Donostiako ospitalean. ANDONI CANELLADA / FOKU
2020ko apirilaren 3a
23:21
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak auto bat kaleratu du ostiral honetan, eta Osakidetzako buruei esan die «berehala» eman behar dizkiela maskarak, eskularruak eta bestelako babes neurriak osagileei. ELA sindikatuak eskatu zuen material horien banaketa 24 orduko epean hasteko, baina ezin duela halako agindu zehatzik eman ebatzi du epaileak, ez duelako ezagutzen Osakidetzaren hornitzaileek zer aukera eta zailtasun dituzten.

Koronabirusaren gaitzak sortu duen krisiaren erdian, osasun arloan lanean ari diren langileek «segurtasun baldintza gutxieneko batzuk» behar dituztela aitortu du epaileak, eta horretarako, maskarak, mantal iragazgaitzak, botatzeko eskularruak, betaurrekoak eta gel hidroalkoholikoa ezinbestekoak direla zehaztu du; baita pazienteak eta Osakidetzako langileak bereizteko manparak ere. Osasun arloko langileentzat horiek guztiak beharrezko jo ditu auzitegiak.

ELAk, autoa jasota, gogorarazi du koronabirusa zabaltzen hasi denetik salatu duela babes materialak oso urriak direla, ez dela arazo hori konpondu behar bezala, eta osasun arloko langileen artean kutsatze maila altua dela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan antzeman diren kutsatuen %18 Osakidetzako langileak direla azaldu du. Italian eta Espainian baino gehiago, alegia. Nabarmendu du langileek beren osasuna arriskuan jarri gabe lan egiteko eskubidea dutela, eta Osakidetza dela horren erantzulea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.