“Zigorgabetasunaren aroa bukatu da. Nazioarteak ate asko irekitzen ditu, eta gure hurrengo geltokia Brusela da”, azaldu de Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak. Heldu den asteartean 39 urte beteko dira Espainiako poliziak bost langile hil zituela Gasteizen. Urtemugarekin batera, Martxoak 3 elkarteak Europako Parlamentuan agertzeko eskaria erregistratuko du. “Espainiako estatuak Europako Giza Eskubideen araudiak hausten duela salatzeko”.
Gasteizen hildako bost langileen familiek eta Txasko berak Espainiako Barne Ministerioari iazko azaroan eskatu zioten euren kasua Terrorismoaren biktimen ezagutza osorako legean sartzeko. Abendu eta urtarril artean jaso zituzten Barne ministerioaren erantzunak. Euren arabera, martxoaren 3ko biktimak ezin dira lege horren barruan sartu hildakoak legez kanpoko elkarretaratze batean parte hartu eta poliziarekin izandako aurrez-aurreko baten ondorioz hil zirelako. Gainera, Barne ministerioak gaineratu du poliziaren helburua ordena publikoa ezartzea zela. Txaskoren ustez, horrelako argudioak ez dira onargarriak, eta Espainiako Gobernuak 1976ko argudio berak erabiltzen dituela salatu du. “Hitz ederren gainetik, hori da PPren benetako aurpegia”.