"Justizia irizpide oinarrizkoenaren aurkako erasoa" da Gorenaren erabakia, Kontuz-en ustez

2013ko uztailaren 24a
15:09
Entzun

Auzitegi Gorenak hartutako erabakia argumentu aldetik "erabat pobrea" dela eta juridikoki heldulekurik ez duela kritikatu du Kontuz Nafarroako Kutxako erabiltzaileen plataformak. "Benito epaileak eginiko argudiaketa ikusita, harritu egin gaitu epaiaren maila apalak", esan du.

Ohar bat plazaratu du Kontuz-ek, Auzitegi Gorenaren erabakiaren inguruko balorazioa egiteko. Nabarmendu dute dieten auzia "anekdota" bat baino ez dela Nafarroako Kutxaren desagerpenaren ikerketa osoaren artean. "Garrantzitsuena da jakitea zer gertatu den eta nortzuk diren Nafarroako finantza tresna nagusia desagertu izanaren arduradunak", erantsi dute.

Hala ere, Kontuz-ek oroitarazi du Auzitegi Nazionalak ikertzen jarraitzen duela erabiltzaileen elkarteak Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiaren eta Enrique Goñi Nafarroako Kutxako presidente ohiaren aurka jarritako salaketa.

Gorenaren erabakiak ez lituzke Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea, Enrique Maia Iruñeko alkatea, Enrique Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilari ohia eta Sanz bera poztu behar, Kontuz-en iritziz. Ohartarazi du orain herritarrek badakitela zein dieta jaso zituzten "edukirik gabeko bileren truke".

Elkartea "harro" agertu da egindako lanarekin, uste baitu salaketa publiko eta juridioarengatik ez balitz herritarrek ez luketela dieten berri izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.