Francisco Caamaño Espainiako Gobernuko Justizia ministroak gaur adierazi du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea "bakea egonkortzen laguntzeko prest balego", hari "ongi-etorria" egingo liokeela. "Prozesu honetan, betiere zuhurtzia izanda, zenbat eta gehiago aurreratzen dugun, hobeto izango da. Eta Otegi jauna norabide onean aurrera egiteko, bake egoera berri hau behin betiko egonkortzeko prest badago, beti izango da ongi-etorria".
Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auzian hamar urteko kartzela jarri zion Otegiri joan den irailaren 16n, ETAko buruzagitzat jota.
Caamañok gogoratu du defentsak Gorenera helegitea sartua duela, eta honen ebazpenaren zain egon behar dela. Auztegiari lanean uzteko eskatu du Justizia ministroak.
2009ko urrian atxilotu zuten Otegi, beste hainbat kiderekin batera.